gorka julio
IRLEN SAREA

Intrusismoa

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Intrusismoa» deitu dio Aitziber San Roman EAJko Donostiako zinegotziak kalean bizi direnei janaria banatzen ari diren pertsonen lanari. Denak izan behar du monetizatua, merkatuek gidatua, eta horren arauetara bideratua.

Bolo-bolo dabiltza Interneteko sare sozialetan Guilin (Txina) kalean eseritako neska gazteen ilara luzeak erakusten dituzten argazkiak. Telesail distopiko batekin alderatzen dute askok. Beste askorentzat, aldiz, dohaintzak egiteko ahalmen handiagoa duten ikusleak erakartzeko estrategia bat da soilik.

Txinako influencer-ek auzo aberatsetako kaleetatik zuzeneko edukia transmititzen dute. Emititzen duten tokitik gertuen dauden erabiltzaileei edukia lehenesten dieten sare sozialen plataformen geolokalizazio algoritmoa aprobetxatzeko. Auzo horietan egoteagatik jasotzen dituzten dohaintzak handiagoak izan ohi dira, eta horregatik bakarrik muntatzen dituzte beren plato txikiak —aulki, argi, kamera eta mikrofonoekin— kalean.

Orokorrean onartuak izaten dira kalean. Poliziaren bisita jasotzen badute ere, horrek ez du normalean abisu bat baino gehiago suposatzen. Are gehiago: streaming fabrika bezala identifikatuak izaten hasi dira, eta pantailaz gain, horiek zuzenean ikustera ere joaten hasi dira herritarrak. Beren lan prekarioez gain, diru bat ateratzeko beharra (edo nahia) duten pertsona horiek erromantizatu nahi dituenik ere bada.

Bitartean, gure kaleetan zubi azpietan edo aterpe izan daitezkeen tokietan hirigintza erasokorra erabiltzen dute. Edozeinek lo egin dezakeen edo etzan daitekeen tokietan kamerak, egon behar ez zuten metal zatiak edo iltze modukoak jartzen dituzte. Kaleko arreta ematen duten jendearen lana zaildu, eta haiei jaten ematen dietenak kriminalizatzeko saiakerak areagotzen ari dira etengabe. Gau hotza pasatzeko gas botilak eramaten dituztenak, auzoko elkarte batean janaria prestatu eta banatzen dutenak edo kalean daudenei aterpea emateagatik lanean ari direnak ez dira geldituko, merkatu harreman soilak ez direlako.

Arauek bizitzetan eragina dute, lege edo algoritmo forman. Makina handi batean bizi gara. Arau horiek batzuek bakarrik aldatzeko pentsatuak badira ere, ez dira betierekoak. Makina hackeatzeko beharra dugu, algoritmoak eta legeak gure alde jartzeko, utopia teknologiko berriak ere beharko ditugu. Ekaitz Cancelaren hurrengo liburua horri buruzkoa da. Ongi etorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.