Garbantzu-ahiari humus eta edateari hidratatu deitzen hasi ginenetik munduak okerrera egin duela esan zidan behin edadetu batek.
Erreparatu pandemia honetan arriskurik handieneko taldea izan den horri eta jabetuko zarete ur edale oso txarrak direla laurogeitik gora doazen pertsona horietako asko eta asko. Ura, ur soila, oraintsu arte ez zen ona. Ez zuten gaztetan ura edaten ikasi. Ahalik eta substantziarik gehien zuen salda bai; baita urari sagardoa nahastu eta pitarra ere; ardo ttantta bat botako zioten urari aukera zutenean orain zahar diren horiek, eta pontxe moduko bat prestatuko zuten baserriko lanak edo kirol jardueraren bat egin behar zutenean, flakiak jo ez zitzan. Baina uraren ontasunen berri oso gerora izan zuten, medikuek-eta ahalik eta gehien edateko serio agindu zietenean. Ezagutuko duzue oraindik ere makina bat aitona, ezpainak zirristu, ura parrastaka edan ordez purrustaka edaten duenik.
Euren bizitza luzeaz haragoko memoria duten seinale da ur zaletasunik eza. Gaitz asko hedatu izan zuen urak garai batean. Fidagaitz izateko aski arrazoi. Orain ez. Orain ura ona da. Edateko zein eskuak maiz garbitzeko. Baita gel hidroezdakitzer horiek ere. Gizartea bera ere likido bilakatu zaigu...
HITZ ETZANAK
Urtu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu