BIRA
Andoni (II)
Andoni arrain saltzaileak badu Andoni baserritar bat auzoan. Sarritan jaiki izan da hau ere goizaldeko 04:30ean. Kontatzen duenez, duela urte asko erabaki zuen bizimodua baserritik ateratzea, eta administraziora joan zen aholku eske. Negutegiak jartzeko esan zioten: negutegi asko. Urazak, zerbak, tomateak eta piperrak ekoizten hasi zen, eta bildutakoa Merca Bilbao izeneko leku beldurgarrian saltzen zuen. Gauza onak merke erosi nahi zituzten hara joaten zirenek, eta «hemen dator baserritarra», eta antzerako komentarioak egiten zizkioten Andoniri. Lan asko egiten zuen astean zazpi egunez, eta ez zuen diru askorik irabazten. Kexek ez dute asko balio, eta ideia berria izan zuen: inguruko dendetara joan zen bere produktuak saltzera. Merca Bilbaon baino diru gehiago ateratzen zuen ekoizpen kopuru berarekin, eta bere buruarekiko estimua igo egin zion horrek. Han Europan kontsumitzaile taldeak eta saskiak bazirela jakin zuen, eta hango eredua Euskal Herrira ekarri zuen. Gaur egun, astean egun bi libratzera iritsi da, eta lehen baino saski anitzagoak egin ditzake lur kopuru berean. Baina badu kexu bat: oraindik ere, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berak hasieran izan zuen bizimodu hura hobea dela esaten diete lehen sektorera hurbiltzen diren gazteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu