andoni egana
HITZ ETZANAK

Hondartzan

2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hondartzara joan behar zutela esan zionean ez zion aparteko erantzunik eman. Argudio batzuk pilatzen saiatu zen. Eguraldi txarra egin duela azken hamar egunean eta ostarteak baliatu ezean damutu egingo zirela gero; giro goxoa zegoela, ez hotz eta ez bero, eta brisa pixka bat bazebilela; eramango zutela toalla bat bertan lasai etzateko, hondarra amorragarri zitzaiola bazekiela eta; eramango zutela baloi bat ere egonean aspertzen zirenerako... Ez zuen hondartzarako pozik azaltzen, eta handik aurrera «maitia» erantsi zion esaldi bakoitzari, argudioei zama emozionala itsatsiz: «jateko zerbait ere eramango dugu, maitia»; «eta bainatzen utziko dizut, maitia, jan eta bi ordu baino lehen ere»; «musukorik gabe egoteko aukera izango dugu, maitia»; «bueltakoan, hain gustuko duzun trufa-izozkia erosiko dizudala hitzematen dizut, maitia»; «maitia, ez niri bekozko hori jarri, oporretan zaude eta!».

Azkenean konbentzitu egin zuen nonbait. Biak joan ziren hondartzara. Argazkietan, Zarauzkoan ikusi ahal izan ditugu. Emakume bat, eta pelaje pinttodun txerri-koxkorra.

Tolerantziaren definizioa: edonon dela, dela edonoiz, horrek ere botoa emateko zuk adinakoxe eskubidea duela onartu, eta defendatzea. Emakumeaz ari naiz, jakina, ez txerriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.