Ez da erraza mina zeurea ez den hizkuntza batean adieraztea. Zeurean baditu mila modu eta neurri: zaztatekoak, ondoeza, mina, minzorria, zorabio punttu bat... Gaztelerak, esaterako, baditu pareko ordainak. Baina kosta egiten zaizu haiek garunaren zoko batetik ekartzea. Pentsatu egin behar izaten duzu, eta minez zaudenean pentsatzeko gogo eta ahalmen urria izaten da. Askotan aipatu izan dugu haur euskaldun elebakarrek euskaraz ez dakien medikuarenean senti dezaketen babesgabetasuna...
Eta zaharrak? Euskaldun elebakarrik apenas den gaur egun. Baina euskaraz hobeto moldatzen direnak eta nagusiki euskaraz bizi izandakoak, asko. Eta hegoaldean behintzat, ohitu egin gara aitona edo amona euskaldun-euskaldun baten zaintza lanetan erdaldunak gehienetan hegoamerikarrak, gehien-gehienetan emakumezkoak ikustera. «Bertakoek ez dute horrelako lanik nahi», botako dizu norbaitek. «Ordaindu ondo. Ordaindu oso ondo. Akaso nahi izango dute», erantzungo diezu.
Etxe fatxadak zaharberritzeko, igogailuak jartzeko, berogailu sistema aldatzeko... diru laguntzak eskatzera ohituak gaude. Zaharren Egoitzaren batera joan nahi ez duen edadetuak behar luke aukera bizi izan den hizkuntzan itzaltzen joatekoa. Minen eta oroiminen sasoia baitu.
HITZ ETZANAK
Euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu