Onintza Enbeita
BIRA

Chato

2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Sabinoren laguna zinen hasieran, guztiona amaieran. Kongresuaren ingurura arrimatzen zinen bakoitzean, «orain ere badugu zerbait», pentsatzen nuen. Zure poltsan guretzako etxeko lanak eta kaleko haize freskoa ekartzen zenizkigun. Gogoratzen zaitut esateko geneukana entzuten, egindako lana eskertzen eta erretiratzeko asmorik batere ez zenuela ulertarazten. Sabino eta zurekin lehen aldiz bazkaldu nuen egun hura bihotzean gordeta daukat. Interpelazio gogor baten ostean izan zen. Txalo egin zenidan, zoriondu egin ninduzun, eta gero barre eta barre eta barre egin genuen. Madrildik itzuli eta gero ere, beti jakin dut hor zaudela. Egunkarietan ikusi zaitut frankismoaren inpunitatearen kontrako ekimenetan, eta Sabinok kontatu izan dit nondik nora zabiltzaten. Zure heriotzaren notizia gordina heldu zaidan honetan, harrotasunez aitortu diot neure buruari zeu ezagutzearen plazera izan dudala.

Errepresiorik gogorrenari eutsi zeniona koronabirusak eraman zaitu. Gorroto zenuen kapitalismoak indartsu egin duen birusak. Poz bat gelditzen zait: zeure denbora guztian kapitalismoaren eta frankismoaren kontrako birus nekaezina izan zarela pentsatzea. Muxu handi bat joan zaren lekuraino, Chato. Badakigu zein den poltsan zenekarkigun azken etxeko lana: ez dugu amorerik emango lortu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.