Onintza Enbeita
BIRA

Matxismoa

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bukle batean sartu naiz azken astean. Ordainpeko telebistak aukeratzeko aukera ematen duenez, emakumeen kontrako indarkeria kasuei buruzkoak ikusi ditut: dokumentalak, benetan gertatutako zerbaitetan oinarritutako filmak eta fikzioa. Ez dakigunik apenas dagoen ezer: hurbilekoak izaten dira askotan erasotzaileak, behin eraso egiten duenak berriro ere egiten du, anaidiak elkar babesten du, biktima bakarrik gelditzen da gehienetan, poliziak ez du oso ebidentea dena baino sinisten, abokatu askok fama baino ez dute nahi, jendeak biktimarekin dagoela esaten du erasotzailea ezagutzen ez badu, epaiketak biktimaren birbiktimizazioa izaten dira, ia beti da biktima gertaera frogatu behar duena...

Erasoa jasaten duten emakumeak desberdinak izaten dira askotan: aberatsak, pobreak, politak, gazteak, zuriak, zaharrak, beltzak, langileak, amak, alabak, lodiak, famatuak... Berdintzen dituen bakarra alua izatea da. Berdin esan genezake gizonei buruz ere: gizon izateak edo genital maskulinoak izateak berdintzen ditu erasotzaile guztiak. Hamabost egun barru ez dakit zenbat gauza entzungo ditugun, baina uste dut oinarria ez dugula ahaztu behar. Eraiki ditugun gizarte eredu gehienetan, guztietan esatea asko izan daiteke (edo ez), egon da eta dago matxismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.