BIRA
Bakoitzak bereak
Oraindik ere psikologoarengana joaten zara?», galdetu zidan. Ez daukat baietz aitortzeko lotsarik, baina galdera lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan. Ez bakarrik geunden lekuan beste gauza batzuez hitz egiten ari ginelako; tonuagatik ere bai. Badirudi psikologoarenera joaten garenok nortasun arazo handiak dauzkagula, eta, orduan, arazorik ez omen duten horiek gure gainetik hitz egiteko zilegitasuna ematen diote euren buruari: «oraindik ere paja mental horiek dituzu?», galdetuko baligute bezala. Ordea, nik ez diot inori galdetzen ea oraindik ez duen bere errealitatea onartu, ea oraindik ere zapaldu egiten ote duen ondora hurbiltzen zaion oro, ea ustezko bizitza sexual ideala asmatzen jarraitzen duen bere harremanen ustela ezkutatzeko, ea oraindik borrokan ibiltzen den bera beti protagonista izateko, ea noiz arte beharko duen beste norbaitek esatea ederra dela sinisteko edo ea oraindik ere maitemintzea deitzen dion kontrolari. Ez dut halakorik galdetzen, ordea; lagun minei salbu. Bakoitzak egiten du ahal duena emozioak bizitzeko edo ez bizitzeko. Bakoitzak jakingo du zenbat bizi nahi duen arrazoiz eta zenbat sentimenduz, zenbat begiratu nahi duen barrura eta zenbat kanpora, zenbat den bera eta zenbat berataz espero dena. Eta bakoitzak nahikoa dauka berearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu