Euskarazko telebista ez dago bere momenturik onenean, baina euskaldunok ere ez. Audimetroek esaten dutenaren arabera, telezaborra da gehien gustatzen zaiguna; eta gaztelaniaz egina bada, hobe. Hego Euskal Herriko datuak dira esku artera iritsi zaizkidanak, eta pentsatu nahi dut iparraldeko euskaldunek kriterio gehiago izango dutela. Pirinioen alde honetan, baina, Tele 5 ei da kanalik ikusiena. Horren ostean daude beste guztiak, eta azkena zerrendan, gutxi batzuek baino ikusten ez duten euskarazko telebista. Telebista publikoari dagokionez ere, gaztelaniazko katea da ikusiena: badakizue, euskaldunak ez zirenak euskarara hurbiltzeko sortu zen kate hori.
Ezin dut geure burua ulertu. Euskaraz egiten den ia ezerk ez digu balio, baina erdaraz ikusten duguna zaborragoa da euskaraz ikusi nahi ez duguna baino. Karibera ikurrin potrozorri baten bila joan diren euskaldunak gaztelaniaz ikustea demasa iruditzen zaigu. Kazetari ona iruditzen zaigu kultur sortzaileei kontu korrontean zenbat diru duten galdetzen dien tipo bat. Ausartak iruditzen zaizkigu Euskal Herriaz edo Kataluniaz gorrotorik gabe hitz egiten dutenak. Errealaren eta Athleticen minutu kopuruek asaldatzen gaituzte.
Batzuetan pentsatzen dut ni naizela buruz behera dagoena, baina hemen zerbaitek ez du funtzionatzen.
BIRA
Audientziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu