Onintza Enbeita
BIRA

Minbizia

2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Niri ez didate sekula minbizirik diagnostikatu, baina ezagutzen ditudan kasu guztiek egin dute negar gorputzeko atalen bat gaixoak hartuta dutela jakitean. Sekulako marroia dira minbizia eta haren kontrako tratamendua. Marroia da ilea galtzea, marroia da ehunka eurotik gora balio duen ileordea erosi behar izatea, marroia da kimioak uzten dizun gorpuzkera, marroia da radioak azala erretzea, marroia da kortikoideekin puztea, marroia da gorputzeko atalen bat galdu beharra, marroia da organoren bat galtzea, marroia da tratamenduaren ondorioz bagina lehortzea, marroia da pixa egiten berriro ikasi behar izatea... eta beltza da ez zarela sendatuko jakitea. Ahaleginik handiena eginda ere, nire buruan ezin dut minbizia arrosaz margotu: hark eraman dizkidan maite-maiteei traizio egitea dela iruditzen zait, txatxukeria handia izateaz aparte.

Minbiziaren kontra ez da gerrarik egiten: ez dugu irabazten eta galtzen. Gure aita sendatu egin zen eta gure lehengusua ez. Horiek dira minbiziaren distantziak. Ez dugu xingolarik behar: konpromisoa behar dugu. Osasun sistema publiko indartsua behar dugu. Atzoko eguna tranpa bat da. Ez gaitzatela engaina trajeetan xingola arrosa jantzita daramaten politikariek: lazo batek ez gaitu sendatuko beharra dugunean, ospital onkologiko publikoak bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.