Arantzazun ezkondu ziren eta aldaretik bota genituen bertso bana edo bina. Elizkizuna amaitzean, Zumarragara abiatu ginen, jatetxe handi batera, otordua han zela eta. Presaka egin genuen sarrera jatetxean, une hartan euria hasi baitzuen bixi-bixi. Sartu ginen, topatu genuen ezkontzara joandako jendea eta gurutzatu genituen lehen diosalak. «Hemen bertsolariak ere! Etorri zarete...». «Bai. Etortzeko esan digute eta gu etorri». «Eguraldi petrala...». «Barruan ez da eguraldi petralik». Bertakotu ginen. Hasi ziren mokaduak ateratzen, eta Xebastian Lizaso eta biok ekarri ahala jan egiten genituen, jendearekin berriketan ari ginela. Eta halako batean, heldu ziren ezkonberriak. Eupatekoak eta txaloak. Eskuetan tigre bat neukan, eta hari eskainia arreta, Xebastianen hitzak entzun nituenean: «Hi, Antonio, hauek ez dituk gure nobiyuk!».
Joan den astean, Martxoaren 8a zela-eta Madrilen gertatuak ekarri dit gogora pasadizoa. Bi emakume joan dira manifestaziora, tigrea erraietan. Deialdi bat baino gehiago zen, ordea, eta halako batean konturatu ziren: «Hi, aizan, hau ez dun gure manifestazioa!».
Guk aisa konpondu genuen bazkalondoan bazkalaurreko hanka-sartzea. Bi ezkontzetakoei aritu ginen kantuan. Madrilgoak ez dirudi hain konponbide erraza duenik...
HITZ ETZANAK
Hau ez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu