Kalean nindoala gerarazi ninduen, eta galdera bota zidan braustakoan: «Zergatik ez duzue bertsotan hika gehiagotan egiten?».
Berak ez dakit, baina nik banuen aski denbora. Xelebrea dela gurea aitortu nion, oholtzara igotzerako hika aritzen garenok ere zuka egiten dugula oholtzan. Baina ez dela gure kontua bakarrik, usadiotik datozkigun bertsoetan ere gutxi direla hikakoak. Orain, gainera, mikrofonoak derrigor finkatzen gaituela eta ondoko temalagunari sekulakoak eta bi esaten ohitu garela, hari aurrez aurre begiratu ordez, publikoari begira. Eta ondokoak entzun dezan publikotik pasatu behar badu hitzak, horrek zuka egitera behartzen gaituela.
Erantsi nion inoiz edo behin egin izan dugula probatxoren bat. Bi bertsolari aurrez aurre jarri publikoa saihetsera dutela. Eta horrelakoetan bestelako gauzak esatea sortzen zaizula. Bestelakoak, eta bestela. Hika hastea sortzen zaizula postura aldaketa soil horrekin, esaterako. «Egiptoarrak emango zenukete bertsolariek beti perfilez jarriz gero», erantzun zidan. Ni neurera nindoan ordurako. Lagunarengana iristeko publikoaren iragazkia gainditzera ohituak geundela baina orain publikoak ere baduela beste iragazki bat, maskara, eta bi iragazki pasatu beharrak ez digula lanik errazten eta…
HITZ ETZANAK
Hika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu