Agian ni izango naiz munduan bakarra, baina yoga egiten dudan aldiro, barruak eztanda egiten dit. Ez, ez da saiakera faltagatik: askotan saiatu naiz. Begiak itxi eta arnasa hartu. Erraza dirudi. Inoiz loak hartu nau trantze horretan, eta gaitz erdi. Izan ere, lorik egin ez dudan aldietan oso urduri amaitu dut yoga-saioa. Irakurri nuen Isiltasunaren biografia izeneko liburu zoragarria ere, baina ez didate aholkuek balio. Ez dut egundo lortu yoga eginda lasaitzerik. Inbidia handiz begiratzen diet lortzen dutenei, baina nik ezin dut. Begiak ixtearena ondo egiten dut, eta arnasa hartzearena ere bai. Orain, ezertan ez pentsatzeko esaten duten momentuan akabo nire lasaitasuna. «Hustu zeure burua, Onin!», pentsatzen dut, eta hori esan eta batera, pentsatzen hasten naiz hurrengo egunerako bideo bat egin behar diodala lagun bat ezkonduko zaion lagun bati, eta herriko jaiak zozo samar doazela aurten, eta Arimen Gauerako gidoia borobildu behar dudala, eta lanean zortzi ordu zor ditudala, eta agian ez dudala ondo adierazten maiteminduta nagoela, eta... Arnasa hartzen dut, baina alferrik; neure buruari behin eta berriz esaten diot lasaitzeko, eta, orduan, pentsatzen hasten naiz pentsatzen ari naizela ez pentsatzeko ezer eta kaka zaharra!
Ez dakit zuena, baina nire burua ezin da hustu.
BIRA
Hustu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu