Ahaztuta geneukan zein bista dauden Bizkargi gainetik. Pinuek estali digute guztia urte luzez. Orain basoak bota egin dituzte, eta hautsa egon badagoen arren, bista izugarria da: ederra. Anboto garbi-garbi ikusten da, eta itsasoa ere bai. Pena da aurtengo argazkiak ezingo ditugula beti errepikatu. Lehen pinua zegoen leku batzuetan eukaliptoa hazten ari da dagoeneko.
Atzo ez zen jende askorik ibili azokan, eta Bizkargiko kontuez ari ginela, paisaiaren eta pinuaren kontuaz hizketan hasi ginen. Laster esan zuen batek: bai, baina zer jarriko duzu bada, basoan? Eta neure artean pentsatu nuen basoa eta pinua edo eukaliptoa ez direla bateragarriak. Ulertzekoa da baserritarrek nonbaitetik dirua atera nahi izatea, eta eredu industrialek ekarri duten miseria beste zerbaitekin konpondu behar izatea. Horraino ondo, baina basoen arazoaren konponbidea ez dago baserritarren esku. Edo ez haien esku bakarrik. Egur ustiatzaileek hartuta dauzkate lurrik gehienak. Astiro-astiro hektarea asko eurengandu dituzte, eta orain pinua gaixotu denez, eukaliptoa saltzen dute alternatiba bakartzat. Ipini eta bota. Bota eta ipini. Edo dena hauts edo dena berezi. Eta ez da paisaia bisuala izorratzen ari zaizkigun bakarra: hori gutxienekoa da. Lurra ere hondatzen ari da.
BIRA
Basoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu