Ez du balio hemen errugabetasun printzipioak: ez epaitu baino lehen, ez epaitu eta gero. Jaio zaren lekuaren, daukazun diruaren, defendatzen dituzun idealen arabera, errugabetasuna da etengabe frogatu beharko duzuna. Batzuk beti izango gara errudunak Espainiako edo Frantziako Konstituzioaren arabera epaitzen gaituztenean. Finean, ez ditugulako estatu bi horiek onartzen, eta hortxe dagoelako gure sufrimenduaren koska. Epaileak ezarritako zigorrak bete bazituzten ere, Bateragune auzian epaitutako bost lagunak berriro epaituko ditu Espainiako Justizia Sistemak. Lehen epaiketa hura justua ez zela izan frogatuta badago ere, berriro epaituko dituzte. Faxistek diote ETAko kideak direla. Ez dakit konturatu diren ETA desagertu egin zela, baina berdin dio: berriro epaituko dituzte. Eta larriena ez da berrepaiketa bera: larriena egiten zaidana da alderdi faxista batek esaten duenari kasu egiten diola justizia izena daraman edozerk.
Jaio zaren lekuaren, daukazun diru kopuruaren edo defendatzen dituzun idealen arabera, zure errugabetasuna frogatu ezinik pasatuko duzu bizitza osoa. Bitartean, faxistek ez daukate edozein disparate esateko arazorik, ez daukate konplexurik, ez daukate ezkutatu beharrik. Demokrazia deitzen diote, baina argi dago izana beste bat duela.
BIRA
Berrepaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu