andoni egana
HITZ ETZANAK

Geuk

2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Buruan iltzatuta geratu zitzaizkidan Jon Azpillaga bertsolariaren hitz haiek. Goiatzen ginen. Oholtza frontoian zegoen orduko hartan, eta bertsolari gazteak oholtza barrenean geunden, igotzeko prest, baina minutuak luzatuz, perezaz, ziurgabetasunez edo hasierako agur-puntta bat ekarri nahian. Atzealdetik hurbildu zitzaigun Azpillaga beteranoa, eta esaldi bakarrarekin uxatu zituen gure duda-mudak: «Goazen mutilak! Gero ere geuk egin beharko diagu eta!». Oholtzarako eta mikrofonoetarako bidea hartu genuen mantsoagatik.

Axularren esanei beste buelta erdi bat eman zien Azpillagak. Lanak gerorako uzteak ez dakar mesederik, jakina, eta gainera, kasu askotan, ez da irtenbide,bai baitira lan batzuk derrigor norberak egin beharrekoak.

«Goazen!» irakurri ahal izan dugu EAJkoen Alderdi Eguneko hitzaldietako mikrofonoetan. Abiatzekotan dira, beraz. Nora? Madrilera behintzat bai, esan zutenez. Pedro Sanchezekin egindako akordiorik ez dute hautsiko baina... Feijoorekin ere hizketatzeko prest daude. Urteek ematen duten eskarmentutik eta etxekoen aitzinean aritzeak tokikotasuna harro azaltzea ahalbidetzen duenez, zerbait gehiago erants ziezaioketen esaldiari. Konparazio batera: «Goazen! Gero ere geuk egin beharko dugu eta!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.