andoni egana
HITZ ETZANAK

Baserritar

2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Joandako San Tomas egunean ez dira baserritarrak Juana Bixentarena egitera hurbildu hiriburura. Galdu ziren maizterrak, opariren bat hartuta, nagusiaren etxera errenta ordaintzera egiten zituen txangoak; joan zen, zorionez, nagusi jaunak neska gaztearen aurrean sentitzen zuen lilura hain modu erasokorrean agertu eta neska limurtzen zen sasoi hura; ahaztu da morroiak, kriseilua eskuan, neskari etxera laguntzen zion garaia...

Mende eta erdi gerora, nekazariak hiriburura protestara hurbildu dira, bat eginik. Baserritar jantzitako jende mordo baten aurrean erakutsi nahi izan dute euren bizi ezina. Ito egin ditu egungo ekoizpen, banaketa eta salneurrien sistema demonioak. Kostua baino gutxiago kobratzen den zerbaitetik ezin dela bizimodua atera, kokoloenak ere ulertzen du. Eta hori ari da gertatzen esnearekin.

Baserritarren aurrean, baserritar jantziak. Ahalik eta merkeen erosi dute supermerkatuan esnea. Ofertakoa. Baina Xelemon egin dute euren seme-alabek baserritar arroparik dotoreenak izan ditzaten. Horretan ez diote sakelari begiratu. Baserritar jantzitako umeei lerde-jario begira, protestan ari ziren baserritarrak ez dituzte ikusi ere egin. Surrealismo hutsa. Juana Bixentaren bertsoak esne-saltzailearen doinuan kantatzea beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.