andoni egana
HITZ ETZANAK

Atzeratu

2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
AEBetan, belaunaldi isila deitzen diote 1928tik 1945era jaiotakoek osatzen dutenari. Isildua izango zen segur aski, nahiz isiltzat hartu. X belaunaldia deitzen diote, berriz, 1965etik 1981era jaiotakoak biltzen dituenari. Giltzaren belaunaldia ere deitu izan diote, garaitsu horretan hasi baitziren haurrak etxeko giltza sakelan eramaten. Gero eta gehiago ziren etxetik kanpo ere lan egiten zuten emakumeak... Baby boom belaunaldia deitzen diote bien tartekoari. 1946 eta 1964 bitartean jaioak dira boomerrak Estatu Batuetan eta Kanadan.

Zabala da, ordea, mundua. Belaunaldiek ez dituzte tarte berak harrapatzen batean eta bestean. Gurera hurbilduz, Michèle Delaunay soziologia adituak dioenez, Baby boom belaunaldia 1946tik 1973ra bitartean jaiotakoena da Frantzian. Hamar urte luzeagoa. Eta Espainian, 1958tik 1975erako tartean sortuena. Hamar urte atzeratua.

Espainiako Gobernua bat dator nonbait Delaunay anderearen belaunaldi banaketarekin. 1958tik 1975-1977ra bitartean jaiotakook erretiroa atzeratu egin beharko dugu. Zabala ez ezik, borobila ere bada mundua. Begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, gutariko batzuk ez gara inola libratzen. Boomerrak ginateke gu, tonto-tuntun galantak, Toronton jaio izan bagina ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.