Eskakeatzea ez da soilik lanari edo erantzukizun jakin bati ihes egitea, orain adiera lau hori nagusitu den arren. Hori baino askoz ere gehiago da. Teknika bat da landu beharrekoa, bere sigi-saga eta bihurguneak dituena…
Eskakeatzea zer den armadaren koarteletan ikasten da inon baino hobeto, sorrera ere armadaren jiran du eta. Dakitenek diotenez, eskakeatzea da soldadu talde bat taldetxo txikiagoetan propio barreiatzea, etsaiak ikus ez dezan eta hartara bere helburura irits dadin. Eskakeak xake-taulako laukiak direla jakitearekin ohartuko zarete ez dela huskeria kontatzen ari naizen teknika. Eskakeatzea ez da, beraz, lanari ihes egitea bakarrik. Da estrategia jakin baten bidez lanari disimuluan ihes egitea. Aurreikuspen gaitasun handia behar du eskakeatzaile onak. Lantegi txiki batean aritu behar du handia agintzen diotenean ezezkoa sinesgarri emateko. Bizikleta garbitzen aritu behar du —igurtziaren gainean igurtziz, axolagabe— gurasoak enkargutara bidaltzen duen umeak, ezetz esateko, ezin duela, bizikleta garbitzen ari dela, bidaltzeko anaia.
Zertara datorren eskakeoari buruzko testu hau? Zergatik? Inor gutxik praktikatzen duen auzolanaz orriak eta orriak idazten direlako. Eta gehienon ohiko jarduera den eskakeoaz ezer ez zegoelako idatzirik.
HITZ ETZANAK
Eskakeatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu