andoni egana
HITZ ETZANAK

Asmoak

2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urte berrirako asmoen artean asko eta asko ezagunak dira: kirol gehixeago egin, ingelesa ikasi, erretzeari utzi, etxekoekin denbora gehiago eman... Urteetan helburu berak jarri eta lortu ez dituenak beste batzuk aurkitzea beste irtenbiderik ez du. Eta apalagoak izatea komeni...

Nire aurtengo helburua da erronka hitzaren erabilpen berri masiboak minik egin ez diezadan begi-belarrietan. Min hartzen baitut «erronka» gora «erronka» behera sumatzen ditudanean heldu zein ume, edozein une eta egoeratan. Gaztelerazko rencor hitzaren izter-lehengusua dela onartuko bagenu, min handiagoa egingo liguke; edo iparraldeko arrengura-ren senitartekoa dela jakinda, kontu handiagoz erabiliko genuke ditxosozko hitza... Baina bukatu da. Ez dut gehiago sufritu nahi. Aurrerantzean, ez ikusi eta ez entzunarena egingo dut.

Gauza bera inguruko ume edo gaztetxoei kirol emaitzaz galdetu eta, esaterako, «hamasei-zortzi» erantzuten didatenean. Emaitzari baino ez diot eskainiko arretarik. Ahaztu egingo dut emaitzaren esamodua. Sufrituko dut, sufritzekotan, galdu badute bakarrik. Horrez gain, goizero bost minutu emango ditut nire buruari barre eginez. Hala egin ezean, eta norbere burua serioegi hartu egun osoan barregarri geratzeko arriskua baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.