Onintza Enbeita
BIRA

Izenak

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hari buruzko dokumentalaren egileari irakurri diot egunkarian harrigarria dela jendeak ez jakitea nor izan zen Elbira Zipitria. Lehen ikastolen sortzailea izan zen. Euskarazko irakaskuntzan zein metodo pedagogiko zenbaiten aplikazioan aitzindaria. Bada, bai, harrigarria euskal komunitateak ez izatea emakume haren berri. Gure memoria kolektiboak ere errazago gorde ditu gizonezkoen izenak. Epikari egin diogu guk ere lekurik handiena historia liburuetan, eta badakigu emakumeok ez garela izan epikoa zer den erabaki dutenak. Andereño Elbira hori baino ez da izan askorentzat: andereñoa. Garrantzitsuagoak izan ziren gizonak eta haiek egin zituzten gauzak, antza. Ez dezagun ahaztu, ordea, ustez gizonek bakarrik egin zituzten gauzetan ibili zirela emakumeak ere. Gerran bertan, adibidez.

Eskertzekoak dira ilunpean geratu ziren emakume horiek guztiak argitaratzeko egiten diren lanak, dokumental hau kasu. Baliatu egin behar genituzke geure buruari galdetzeko ea zenbat emakume langile nekaezinen izenak ahaztu ditugun, bilatu egin behar genituzke gure memoria periferikoetan eta ekarri; erdira ekarri. Izen gehiago edo gutxiago identifikatzeak ez du gure historiaren joan tristea konponduko, baina, gutxienez, izan zirenak eta direnak haien lekuetan jartzen lagunduko du. Ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.