Onintza Enbeita
BIRA

Matriarkatua (III)

2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
1967ko uztailaren hamaikan jokatu zen bertsolari txapelketakoak irakurtzen ibili naiz bila. Bai, Xalbadorri txistu egin zioteneko hartan. Irakurri dut nola lehenengo agurretarako ere gaiak jartzen zituzten. Bertsolari bakoitzari gai bat. Jon Lopategiri jarri ziotenak zer pentsatua eman dit. Horrela zioen: «sukalde-txokoetan gelditu diren hainbeste ama eta emazte agurtu, hemen diren entzuleen partez». Beraz, pentsatzekoa da saioa ikusten ez zela emakume askorik elkartu.

Eta arratsaldeko saioan ez zen bereziki duindu emakumeen presentzia. Begira Xalbadorri nola jarri zitzaion arratsaldeko agurra kantatzeko gaia: «Xalbador, bazkaria zerbitu dizun neskatxari». Eta puntu erantzun kurioso bat ere izan zen denak gizonak zirela kontuan izanda: «ezkondu ezkeroztik, atzekoz aurrea». Baina gehiago ere bazen. Gorrotxategiri beste gai hau jarri zioten: «hiru bertso kantatu behar dituzu orain: hor aurrean daukazu gona motzak dituen neskatxa gazte polit bat. Neskatxak eskuan zigarro bat dauka, eta sua eskatzen dizu zigarroa pizteko».

Gaur egun pentsaezina izango litzateke halako gaiak hala jartzea. Ez lukete zentzuaren galbahea pasatuko, baina orduan horrela zen. Ez dut inor errudun egin nahi, baina adibide hau ere ona iruditzen zait euskal matriarkatua esplikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.