Zientzialariak eta zientzia aipatu izan dira askotan pandemiagaraiotan. Zientzialariengan ipini dugu konfiantza, gainerakoengan ezin zen jarri eta. Politikari edo iritzi-emaile bati «nik uste dut» entzutean, barre-murritxak ihes egiten zigun, bagenekielako haren usteak eta gureak berdintsu balio zuela. Hutsaren hurrena.
Halere, zientziekiko ikuspegi aski murriztailea nagusitu zaigulakoan nago. Medikuez, biologoez, birologoez, txertoa asmatzen aritu zirenez... asko hitz egin dugu. Bestelako zientziez, gutxi. Soziologia, psikologia, matematikak... Zifrak, datuak, ehuneko hainbestekoak, nahi adina izan ditugu. Baina ezin izan dugu deszifratu non-noiz-zergatik jo duen erasoa birusak. «Normala Beasain eta Arrasate gorrian sarri egotea, enpresa handiak han daude eta!», esango zizun nik uste dut batek. Beste nik uste dut batek, berriz, «Errege Kopakofinalaren ondorioa da hau. Bizkaian eta Gipuzkoan izugarri igo dira datuak, eta Araban eta Nafarroan askoz ere gutxiago». Turismo zinegotziak, berriz, goia joko zuen: «Nik uste dut kostaldean izan dugun gorakadak ez duela zerikusirik Aste Santuan itxiera perimetrala laxatu izanarekin».
Zientziaren batzuek denbora behar dute datuak interpretatzeko. Eta tarte hori baliatzen dugu nik uste dut-ok.
HITZ ETZANAK
Nik uste dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu