Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak ditu

EHUko ikertzaile batzuek egiaztatu dute Korrikako parte hartzaileek «ongizatearen adierazle maila handiagoak» erakusten dituztela, eta kolektiboki ahaldunduago sentitzen direla parte hartu ondoren

Iazko Korrika, Baionatik pasatzen ari zela. GUILLAUME FAUVEAU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Jakina da Korrika euskaldunak aktibatzeko eta ahalduntzeko tresna bat dela, baina, orain, zientziak frogatu egin du hori. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Psikologia CCE ikerketa taldeak zientifikoki egiaztatu du Korrikan parte hartzeak eragin psikologiko positiboak dituela gizarte ongizatean eta ahalduntze kolektiboan. Emile Durkheim soziologo aitzindariaren teoria bat baieztatu ahal izan dute ikertzaileek. Haien arabera, Korrikako parte hartzaileek «ongizatearen adierazle maila handiagoak» erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. «Adierazle horietako batzuetan, hala nola integrazio sozialean, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere», nabarmendu dute.

Ikusi gehiago:Jon Zabala, gizarte psikologoa: «Gizartea aldatzeko dugun gaitasunaren pertzepzio handia dugu»

Jon Zabala gizarte psikologoaren tesiaren atal bat da ikerketa hori, eta, esan duenez, Durkheimek teorizatutako eferbeszentzia kolektiboak azaltzen ditu eragin positibo horiek: «Parte hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonen eta gizartearen inguruko ikuspegi positiboagoa dute». Bestalde, ziurtatu ezin izan duten arren, ikertzaileek uste dute, beste ikerketa batzuen emaitzak ikusita, espero izatekoa dela parte hartzaileek gerora ere «aldez aurretiko jarrera irekiagoa» izatea euskararen aldeko ekintzak egiteko.

Durkheimen teoria hori egiaztatu ahal izatea da ikerketa horren berritasuna. Izan ere, azaldu dute ikerketa gutxik baieztatu ahal izan dutela soziologo horren teoria. Durkheimek idatzi zuen gizarte bakartzea «mehatxu larria» izan daitekeela osasunerako eta biziraupenerako, eta erritu kolektiboak «funtsezkoak» direla gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko. Soziologo aitzindari horren arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde balio eta sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Ondorioz, gizabanakoak «gizartearekiko fede eta energia eraberrituak» dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze sentsazio horri eferbeszentzia kolektiboak ematen dio bide, hau da, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak.

Ahalduntzea

«Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa. Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean —adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean— eta kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste», azaldu du Zabalak.

2019ko Korrikako parte hartzaileen lagin baten gainean egin dute ikerketa; datuak hiru fasetan aztertu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.