Onintza Enbeita
BIRA

Euskara eta klasea

2019ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Eskola publikoan ikasi genuen, baina ez hiru ahizpok berean. Euskara abiadura desberdinean iritsi zen Muxika eta Gernikako eskoletara, eta bakoitza leku batera eraman gintuzten gurasoek. Gero, eurak lanera joaten ziren. Gure kasuan, ama AEKra eta aita lantegi batera. Oraindik barnetegirik ez zegoenean, euskara ikasi nahi zuen jendea hartzen genuen etxean. Hemen egoten ziren hilabete bat, bi edo behar zuten beste: familiako bat gehiago balira bezala. Orduan ez zegoen halakoetarako diru laguntzarik. Amama Klarak zenbakiak gaztelaniaz manejatzen ikasi egin behar izan zuen esnea saldu ahal izateko. Gu institutura iritsi ginenean, oraindik aldeano samarrak ginen, eta gaztelaniaz jartzen omen genuen azentuak barregura ematen zion munduari. Eta guk ere ziurtagiri bat behar izan dugu euskaraz badakigula frogatzeko.

Euskara etxean jaso izanak klasea erakuts lezake, baina zein? Errealitatea pentsatzen dugun baino askotarikoagoa da. Langileen alaba naiz, euskara egiteagatik isunak ordaindu zituen familia bateko kide. Barkatuko didazue, baina etxean euskara jaso izanagatik ez dut pribilegiorik izan. Eta izan baldin badut, atera kontuak zenbat aldiz uko egin diodan gaztelaniaz egitera behartu nauten hitzartzeetan, kuadrillako afarietan, eztabaidetan edo administrazioko leihoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.