Lurdes Huizi

Azken puntua

Euskalduntze-alfabetatzea, euskara elkarteak, euskarazko hedabideak. Euskalgintzako arlorik gehienak ibili ditu Lurdes Huizi BERRIAko lankideak. Lan profesionala konpromiso sozialarekin uztartu du. 61 urterekin hil da.

JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Izaten da egunkarietan lankide bat biharamuneko periodikoa inork baino lehen ikusten duena: argazkiak beren lekuan ote dauden, orriburuko zenbakia eta eguna zuzen ote dauden, artikulua osorik ote dagoen, amaierako puntua jarria ote dagoen. Zierreko lana. Bukaerako puntua jarri zuen atzo BERRIAko lankide Lurdes Huizik (Goizueta, Nafarroa, 1958). Hamasei urteko bidea egin du euskarazko egunkarian: edizioburu lehenik, eta zierrearen arduradun azken urteetan. Itzaleko lana izan da: egunkarian ez da haren izena ageri, baina katebegian ezinbesteko pieza zen. Hala izan da euskalgintzako beste eragile batzuetan ere: itzaleko langilea, kateari eusteko begi ezinbestekoa. Minbiziaren eraginez hil da, 61 urte zituela.

Euskalduntze-alfabetatzean hasi zuen Huizik euskalgintzako ibilbidea, 1980ko hamarraldian: AEKn, euskara irakasle, Hernanin (Gipuzkoa). Izan ere, nahiz eta goizuetarra zen, Hernani zuen bigarren herria. AEKn bertan, urte batzuk Donostian egin zituen, bulegoan, material arduradun, eta Hernanira itzuli zen gero: euskaltegiko irakasle aritu zen, eta eskualdeko arduradun izan zen garai hartan. Euskalduntze-alfabetatzea utzita, kultura arloan jardun zen urte batzuetan, 1990eko hamarraldi hasieran: Bitarte enpresan aritu zen, liburu banaketaren esparruan, komertzial gisa lanean. Hernaniko euskalgintzan jarraitu zuen urte haietan, hala ere.

Doberako lehen langilea

1990eko hamarkadaren hasieran hasi ziren herri ugaritan euskara elkarteak sortzen, eta Hernaniko Dobera elkartea sortu zenean, inguruan zen Huizi. Legez osatu zutenean, 1993 bueltan, lehen langilea izan zen. «Hark jarri zituen martxan lehenbiziko egitasmoak», azaldu du Joanmari Larrartek. Hura ere han zen Doberaren hasieran. Gogoan du, adibidez, kirolean gazteengan eragiteko programak landu zituztela, eta Hernaniko Kronika egunkaria sortzeko bidean nola aritu ziren. Doberaren ordezkari zen Huizi, Xabier Etxeberria lehendakari ohiak gogoratu duenez: «Bulegoko arduraduna zen. Hark eramaten zituen udalarekiko harremanak, egitasmoak, kontu ekonomikoak...». Egunerokoa.

Huizik Doberan jarritako oinarria du gogoan Etxeberriak: «Taxuz lan egiten zuen, txukun. Gertuko harremana genuen harekin; hor egoten zen edozer zela ere». 2000 inguruan utzi zuen Dobera. Baina euskalgintzaren inguruan segitu zuen. 2003koa du hurrengo oroitzapena Larrartek. Euskaldunon Egunkaria itxita, Hernaniko batzordean sartu zen Huizi, boluntario lanetan: «Kamisetak saltzen aritu zen, dirua biltzen...».

Boluntario lana izan du bizitzako beste ardatz bat, izan ere: urteak eman ditu Goizuetako suhiltzaile boluntarioetan. Anbulantzia gidaria zen. «Ikastaroa egin zuen, eta anbulantziako laguntzaile boluntarioa zen, larrialdietan gaixoak eramaten zituena», kontatu du Jose Jabier Etxeberria Goizuetako medikuak. Larrialdi zerbitzuak urrun dituztela eta, herritar batzuek osatu zuten suhiltzaile taldea, herrian zerbitzua emateko. Larrialdietatik harago ere aritzen zen Huizi, ordea. «Beti prest izaten zen bakarrik bizi direnei laguntzeko, ospitalera joan behar zutenean eramateko. Borondate handia zuen. Trukean deus asko eskatu gabe aritu zen».

BERRIA sortu eta urtebetera hasi zen egunkarian, 2004an. Edizioburu izan zen lehen urteetan, eta zierrearen arduradun azkenekoetan. Itzalean. «Isileko lanean», Larrartek nabarmendu duenez. Horren adibidea da orain urtebetekoa: urteak euskalgintzan, eta iaz hartu zuen Korrikaren lekukoa lehen aldiz, BERRIAko langileen kilometroan. Haren atzetikegin zuen lasterka Jonpa Albisu lankideak; abuztuan hil zen. Zortzi hilabetean bigarrenez hil kanpaiak BERRIAn. Horra gaurko orria: testua, irudia. Eta azken puntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.