Hitzarmena berritu gabe jarraitzen dute Gipuzkoako arropa dendetan

Abenduaren 15ean bildu ziren azkenekoz patronalak eta sindikatuak, baina negoziazioa geldirik dago oraindik ere. Larunbatera arte iraungo du grebak. 2.270 lagun batzen ditu hitzarmenak

Gipuzkoako arropa dendetako langileak protestan, Donostiako erdigunean, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaut matauko rada
Donostia
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako arropa dendetako langileak kalera atera ziren atzo, beste behin, hitzarmen berria sinatzearen alde. Abenduaren 28tik jarraian greban daude, oraindik ez baitute hitzarmena berritu. Hamazazpigarren greba eguna dute gaur, eta larunbatean hemezortzigarrena izango da. Soldatak KPIaren adina igotzeko eskatzen dute, baita sektoreko partzialtasuna amaitzeko ere, besteak beste. Abenduaren 15etik bildu gabe daude sindikatuak eta bi patronalak: Gipuzkoako Merkatariak eta Adegi. Amaia Pintado ELAko ehungintza ordezkariak dio patronalek ez dutela langileen baldintzak hobetzeko borondaterik, eta horregatik ari direla hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatzen.

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, ez du grebaren erantzunaren datu zehatzik, baina, langileek grebarako dituzten zailtasunak ikusita, ondo doala uste du Pintadok. Izan ere, aldi baterako langile asko dira arropa denda handietan; bestalde, langile asko daude astean hogei edo 24 ordu lan egiten dituztenak. Hala eta guztiz ere, hainbat dendak ateak ireki ezin izatea lortu dutela dio Pintadok. Donostiako Oysho, Urbil saltoki guneko Zara eta Garbera merkataritza guneko beste dendaren bat, adibidez, guztiz itxita daude, eta Garberako Bershka, Stradivarius eta H&M eta Urbileko Oysho itxita daude goizez edo arratsaldez.

Gutxigatik, baina patronalen artean gehiengoa duena Gipuzkoako Merkatarien elkartea da. Pintadoren arabera, bi hitzarmen aplikatzen dira egun Gipuzkoan: 2009ra artekoa eta 2010-2018 artekoa. Multinazional gehienetan bigarrena aplikatzen da, baina denda txiki askotan oraindik lehena dago indarrean; hau da, langile askoren soldata 2009tik izoztuta dago. Beraz, hitzarmena berrituz gero, langile askori azken urteetako KPIaren igoera ordaindu beharko liekete: horregatik hitzarmenaren blokeoa. Gipuzkoan 2.270 langile inguru biltzen dituzte egun hitzarmen horiek. Nahiz eta larunbatean grebak amaitu, hitzarmena adostu gabe jarraituz gero, grebekin jarraituko dutela iragarri du ELAk.

«Igandeetan lanik ez»

Prezioen igoera eta bizitzaren garestitzea da 2022. urtea definitzen duena. KPI handiena uztailean izan zen Hego Euskal Herrian, %10,7koa. Hala, erosteko ahalmenaren galera horri aurre egiteko, soldatak KPIa adina igotzeko eskatzen dute arropa saltokietako langileek. Horrez gain, bestelako hobekuntza batzuk ere eskatu dituzte. Igandeetan lan ez egitea eskatzen dute langileek, baita sektoreko partzialtasuna amaitzea; izan ere, langile askok astean 20 eta 24 orduko kontratuak dituzte. Arabako ehungintzan azaroan sinatu zuten hitzarmena, soldatak %6,5 handituz.

La Moreako H&Mn, berdin

Cordovillako (Nafarroa) La Morea saltoki guneko H&M dendan ere greba mugagabean daude abenduaren 9tik, hitzarmen propioa eskatzen baitute. Dendako hemezortzi langileetako zortzik dute bakarrik jardunaldi osoko kontratua.

ELAren arabera, jardunaldi osoan dauden langileek 1.000 euro inguru irabazten dituzte, eta gainontzekoek 500 bat euro. Azken urteetan erosteko ahalmenaren %17,4 galdu dutela dio sindikatuak, 2009tik soldatak «izoztuta» dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.