Greziako Gobernuak ez du Moriako kanpalekua berreraikiko

Hiru itsasontzitara lekualdatuko dituzte hainbat migratzaile. Haiek Lesbostik ateratzeko eskatu du Bruselak

Migratzaile talde bat, kanpalekutik erreskatatutako gauzekin. IÑAKI AGIRRE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun

Europako migratzaileentzako kanpalekurik handiena, Greziako Lesbos uhartekoa, erabat suntsituta geratu zen atzo. Bezperan Moriako kanpalekuaren %70 erre zuen sutearen ostean, beste bat piztu zen atzo goizaldean, eta zutik geratzen zen apurra erraustu zuen. Ordurako, bigarren gaua zuten migratzaileek aterperik, urik eta janaririk gabe. Greziako Poliziak inguruko herrietarako sarrera-irteera guztiak itxi zituen, eta kanpaleku inguruetan geratzera behartu zituzten migratzaileak, koronabirusa hedatzeko arriskua argudiatuta. Bien bitartean, Greziako Gobernuak iragarri du ez duela kanpalekua berreraikitzeko asmorik, eta haren tokian «harrera zentro itxi bat» eraikiko duela. Gobernuko eledun Stelios Petsasek ohartarazi du migratzaileak ez dituztela uhartetik aterako: «Ez zarete irlatik joango sute batengatik. Ahaztu zenezakete halakorik». Greziako Migrazio Ministerioak, berriz, gobernuari «xantaia» egin nahi izatea egotzi die kanpalekuan bizi zirenei. Bideoa: eztandak eta suteak, Morian (Iñaki Agirre, Moria - Nagore Arin, BerriaTB).

Kanpalekuarekin zer gertatuko den jakin bitartean, eta aterpe egonkor bat eraiki artean, hiru itsasotzi bidali ditu Greziak Lesbos uhartera. Mila lagunentzako adina toki duen ferry bat eta armadaren bi ontzi. Horietan sartzen ez direnentzat behin-behineko aterpe bat jarriko dute irlan bertan. Bestalde, hiru hegaldi jarri dituzte Moriara bakarrik heldu diren 406 adingabe kontinentera eramateko. Frantzia eta Alemania hasita daude hitz egiten adingabeak Europako herrialdeetara lekualdatzeko, baina oraingoz ez dute neurririk iragarri.

Irtenbiderik gabe

Europako Batzordea hasia da Lesbosen dauden migratzaileak lekualdatzeko aukerak aztertzen. Izan ere, kanpalekuan 12.000 pertsona pasa bizi ziren sutea piztu zenean, nahiz eta eremua berez 2.500 lagunentzat izan; bertan bizi zirenetatik asko, 4.500 inguru, adin txikikoak dira. Herbehereetako Gobernuak dagoeneko iragarri du bakarrik dauden 50 adingabe hartuko dituela, baita haurrak dituzten beste 50 pertsona ere.

Europako Batasuneko Barne komisario Ylva Johanssonek ere migratzaileak Lesbostik ateratzeko beharra nabarmendu du, baina zehaztu du azken hitza Atenasi dagokiola. Morian bizi direnen baldintzak «penagarriak» direla aitortu arren, goraipatu egin ditu EBren migratzaileentzako politikak, baita Greziaren jarrera defendatu ere, esanez azken sei hilabeteetan bultzatutako «itzultze politikek» erdira murriztu dutela Moriako kanpalekuan bizi direnen kopurua.

Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu du koronabirusaz kutsatutako 35 migratzaileetatik soilik zortzi aurkitu dituztela segurtasun indarrek, eta, beraz, gaitza zabaltzeko arriskua dagoela. Atenasen iragarri du «datozen egunetan» egingo dizkietela probak kanpalekuan egon diren guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.