«Ezin da ekintza klimatikorik eduki kosturik gabe. Eta honek, aurrekontu federalari ez ezik, herritar arruntei ere eragiten die». Olaf Scholz Alemaniako Finantza ministroaren hitzek ondo laburbiltzen dute Angela Merkelen gobernuaren erronka: CO2 emisioak murrizteko helburua bete nahi du 2030erako —2010ean bete zuten, baina datorren urtean ez dira iritsiko—, baina aurrekontuen oreka mantenduz. Hala ziurtatu du, behintzat, Alemaniako kantzilerrak. Atzeraldiaren mamua gainean du, ordea, eta 54.000 milioi euroko plana da atzo aurkeztutakoa.
2030erako CO2 isurien muga betetzea da planaren helburu nagusia: %55 murriztu nahi dituzte emisioak —1990eko datuekiko—. «Orain ez gara jasangarriak», aitortu zuen Merkelek atzo, gobernu bileraren ondorengo agerraldian. Izan ere, ez dute beteko 2020rako jarritako xedea, eta neurri sendoak hartu beharra daukate egoerari buelta emateko. Askorentzat «nahikoa» ez direla jakinik, «gauzagarri dena gauzatzea» hobetsi dutela azaldu du Alemaniako kantzilerrak. Energia politikan, garraioan, eraikuntzan, eta berrikuntzan eta garapenean eragiteko 70 neurri biltzen ditu gobernuaren planak. Karbono emisioei tasa bat jartzea da erabaki nagusietako bat, progresiboki, 2025ean emisio eskubideen merkatu bat eratu arte. Zenbait hedabideren arabera, bonu berdeak deitutakoak —emisioak murrizteko maileguak— emateko aukera ere aipatu dute negoziazioetan, baina atzera bota dute neurria azkenean.
54.000 milioi euroko plan hori aurrekontuen orekari eutsiz gauzatu nahi dutela ziurtatu du Merkelek. Azken hamar urteotan, izan ere, Alemaniak zorrotz kontrolatu du defizita: 2012an orekatu zituen lehen aldiz bere kontuak, eta 2014tik hona superabitarekin itxi ditu. Politika horrek eragina izan du EBko gainerako herrialdeetan, eta gobernuari eustea ahalbidetu dio Merkeli. Iragarritako inbertsioa ez da, ordea, txikikeria. Posible al da halako erronka bati aurre egitea, kontu publikoetan defizitik izan gabe? Noren kontura? Erregaien zergak igotzea izan zen Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroaren apustua, baina atzera egin behar izan zuen protesten ondorioz.
NBEren gailurraren atarian
Hamasei orduko negoziazioen ostean lortu zuten akordioa, atzo, CDUko kristau-demokratek eta eta SPDko sozialdemokratek. Dena den, proposamena ez dute edozein unetan egin: Fridays For Future mugimenduak mundu mailako protesta asteari ekin dion egun berean aurkeztu dute. NBEk, gainera, klimari buruzko gailurra egingo du astelehenean, New Yorken, 2015eko Parisko Akordioa gauzatzeko neurriak zehazteko. AEBak atera egin ziren akordio horretatik duela bi urte.
Kontuen orekari eutsiz gutxitu nahi ditu Merkelek CO2 emisioak
54.000 milioi euroko plan bat iragarri du Alemaniako Gobernuak. Besteak beste, tasa bat ezarriko diete isuriei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu