Makina-erreminta sektorearen fakturazioa %9,7 handitu zen iaz. Negozio bolumena 1.723 milioi eurokoa izan zen, 2021ean baino 202 milioi euro gehiagokoa. Esportazioei esker lortu da hori, %9,9 igo baitziren. Alde horretatik, Italian lortutako «salmenta kopuru izugarria» nabarmendu du AFM sektoreko enpresen elkarteak: 2021ean, erosketen %8,5 egin zituzten han; iaz, berriz, %14,2. Aurtengo, dena den, zuhurragoa da; inflazioa kontrolatzeko neurriek merkatua motelduko dutela uste du, eta «gutxi gorabehera %5eko hazkundea» izango dela.
Baina hainbestekoa izan al zen Italiaren eragina? Bai. Azken urte luzeetan, Alemania izan da sektorearen bezerorik onena; iaz, aldiz, Italiak kendu egin zion postu hori. Jauzi handia da, 2021ean eta 2020an, esaterako, laugarren bezeroa izan baitzen. Dena den, AFMren ustez, Italiako Gobernuak martxan jarritako «inbertsio produktiboa pizteko» programei esker izan da. Alegia, ikusi beharko da aurrerantzean erosketa erritmoari eusten ote dion.
«Urte konplexua izan zen. Lan karga ederrarekin hasi genuen, baina lehenagotik pairatzen ari ginen prezio igoerek eskakizunen kostuak astindu zituzten. Dena den, urtea jarduera egokiarekin amaitu dugu». Jose Perez Berdude AFMko presidenteak horrela laburbildu du 2022a. Zalantzen artean, baikortasuna ageri da sektorean, oro har urte ona izan zelako, baina izan zuen bere orbana: barne merkatua %9,6 jaitsi zen —AFMk Hego Euskal Herria eta Espainia elkartzen ditu barne merkatuan—.
Barne merkatukoak, baina, salmenten herenak baino gutxiago dira, eta esportazioak %9,9 hazi ziren. Esan bezala, Italiako eskarien handitzea izan zen daturik nabarmenena, baina Alemania —%9,7tik %12,9ra— eta Txinako merkatuek ere, besteak beste, bilakaera ona izan zuten. Sektoreka, autogintza «suspertu» egin zela ondorioztatu du AFMk, «indarrez tira egiten ari zaielako deformazio azpisektoreko gure fabrikatzaileei». Azpisektore hori bigarren handiena da, eta %8,64 handitu zen 2022an.
Berdudek esan du urtea egoki amaitu zela, eta horregatik aurtengo aurreikuspenak «baikor samarrak» direla, batez ere enpresek eskari zorro «interesgarriak» dituztelako. Argazki orokorra, baina, zuhurragoa da; hala uste du behintzat Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak: «Inflazioa jaisteko neurriek ekonomia hoztuko dute, eta litekeena da eskaerek behera egitea».
Datuak eskatzen hasita, %5eko hazkundea iragarri du aurtengo. Fakturazioari ez ezik, baina, errentagarritasunari ere erreparatu behar zaio, eta hori izango da «zaindu beharreko» aldagaia. «Gudu handia izango da eskariak garaiz eta modu eraginkorrean ekoiztea», onartu du AFMk.