Enbak eskatu du elikagaiei ezarritako marjinak apaltzeko

Sindikatuaren arabera, marka zuriko produktuetara bideratzen dituzte kontsumitzaileak, ekoizleen kaltetan

Enbako nekazarien agerraldia, atzo goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Ekoizleak «jokoz kanpo» daude janari katearen «joko arauetan», Enba nekazarien sindikatuak ohartarazi duenez. Haren barruan jarduten duten hainbat ekoizlek agerraldia egin zuten atzo goizean Donostian, beren produktuei ezartzen zaizkien «gehiegizko marjinak» salatzeko eta horiek apaldu ditzatela eskatzeko. «Marjina izugarriok gehiegi garestitzen dituzte gure elikagaiak, eta, horrenbestez, kontsumitzailearen babesa galdu eta salmentak jaisten dira», salatu zuen Enbak. Produktu batzuetan salmentak %10-12 jaitsi direla zehaztu zuten.

Bertako produktuen salneurrietan marjinak zenbatekoak diren ere zehaztu zuten Xabier Iraola Enbako koordinatzaileak eta Iñaki Goenaga Gipuzkoako Enbako presidenteak, beren datuetan oinarrituta: %33 behi okelan, %45-55 behi esnean, %68 sagardoan, %70-80 oilaskoan, %118 letxugan... Goenaga esne ekoizlea da, eta oroitarazi zuen ekoizleei eurei ere prezioak igo zaizkiela. Azaldu zuen urtebetean %30 inguru igo zaiola ekoizpen kostua, eta, gaur-gaurkoz, gastu horrek gainditu egiten dituela irabaziak.

Azaldu zutenez, marjina horiek marka propioa duten produktuei eragiten diete, eta nabarmen apalagoak dira marka zurikoetan. Produktu bera modu batera edo bestera merkaturatuz gero, merkeago saltzen da marka zurikoa, beraz. Hala, salatu zuten saltokiek «bertakotasunaren» propaganda egiten duten arren helburutzat «errentagarritasuna» dutela, eta ez dutela bertako markako produktuen alde egiten. «Gure elikagaiak amu gisa erabiltzen dituzte», adierazi zuten: «Gure produktuak badaude baldetan, baina geldirik».

Horregatik, «marjinak neurrira ekartzeko» eskatu zieten banaketa kateei eta saltokiei, baserritarrek beren ekoizpen gastuak estal ditzaten.

Halaber, hemengo elikagaien salmenta «areagotzeko» ere eskatu zieten, salneurrian eraginda: «Dei egiten diogu banaketa sektoreari bere marka zuriaren eta enpresako markaren arteko marjina ezberdinak alboratu eta rappel-ak ezaba ditzan». Iraolak azaldu zuenez, komisio mota batzuk dira rappel-ak, eta, arrazoi desberdinengatik kobratu badaitezke ere, nagusiki ekoizleak saltzen duen bolumenaren araberakoak dira. Orain, baina, beste hainbat arrazoirengatik kobratzen hasi zaizkie komisio horiek, eta ez zaie «onargarria» iruditzen.

Handien menpekoago

Azken batean, Iraolak adierazi zuen ekoizleak gero eta gehiago daudela saltoki handien menpe, denda txikiak urritzen edo saltoki handietan integratzen ari direlako eta banaketa katetik igaro behar delako edozein dendatan produktua merkaturatzeko. Ohartarazi zuenez, saltoki handiak horren jakitun dira, eta negoziazio gaitasuna gutxitu zaie: «Haien erosahalmena eta merkatu kuota handiagoak dira, eta, beraz, geroz eta handiagoa da guk haiekiko dugun menpekotasuna ere».

Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zitzaion Enba. Elikaduraren Kateko Behatokiaren martxa «bizkortzeko», ekoizpen kostuen txostenak argitaratzeko eta banaketa eta saltokiak kontrolatzeko eskatu zion, «elikagai katearen legea betetzen dela bermatzeko».

Hain justu, ekoizpen kostuak kalkulatzea eta elikagai katearen oreka eta lehia bermatzea da behatoki horren helburua. Jaurlaritzak martxoan eman zuen haren berri, lehengaien prezioak igotzen ari zirelarik. Behatokiaren txostenak «oinarrizkoak» lirateke, Iraolaren esanetan, baserritarren produktuak erosten dituztenei kontu hartzeko balioko bailukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.