Jaurlaritzak bi urtez eutsiko die kartzeletako langileen baldintzei

Ostiral honetan espetxeen eskumena jaso aurretik, Jaurlaritzak kartzeletako langileen baldintzak zehazteko akordioa lortu du ACAIP-UGT sindikatuarekin, baina gehiengo sindikala konbentzitu gabe

ELAren protesta, atzo, mahai sektorialaren bilera bitartean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ostiralean gauzatuko den eskumen aldaketaren atarian, Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako langileen lan baldintzak zehazteko akordio bat sinatu du ACAIP-UGT sindikatuarekin: funtsean, langileen orain arteko baldintzei eutsiko die datozen bi urteetan. Sektoreko gehiengo sindikala adostasun horretatik kanpo geratu da, ordea, negoziazio mahaian eserita zeuden ELA eta CCOO sindikatuek ez baitute onartu Jaurlaritzak eginiko proposamena .

Jaurlaritzak azaldu duenez, ACAIP-UGT sindikatuarekin lorturiko akordioak aukera emango du 2023aren amaierara bitarte «negoziatzen jarraitzeko eta espetxeetako lanpostuak zehazteko», eta, era berean, «marko juridiko egonkor eta argi» bat eskainiko dio urriaren 1ean gauzatuko den espetxe eskumenen transferentziari. Halaber, sindikatuak adierazi du sinaturiko dokumentua ez dela negoziazioaren amaiera, «lan baldintzak ezartzeko hasiera baizik».

Hala, datozen bi urteetan espetxeetako langileen lanaldiak, ordutegiak eta baimenei dagozkien baldintzak berdinak izango direla iragarri du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak. Soldatei dagokienez ere, oro har berdin segituko dutela jakinarazi du, eta «beharrezkoa den kasuetan» erkidegoko administrazio publikoaren gutxiengoko baldintzetara egokituko direla, eta horrek zenbait langileri soldata igoera bat ekarriko diela. Gainera, administrazio berriarekiko parekatze horrek langileen antzinatasunaren arloan ere «zenbait aldaketa positibo» eragingo dituela nabarmendu du Jaurlaritzak, besteak beste.

Adosturiko baldintzek, ordea, ez dute lortu gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuen onespena, eta ELAk eta CCOOk adierazi dute sektoreko ia 700 langileen baldintzak hobetuko dituen beste akordio bat lortzeko lanetan jarraitu nahi dutela.

«Estatuko ereduari jarraika»

Mahai sektorialaren bilera egiten ari ziren bitartean, ELAk protesta egin zuen atzo Lakuan, Jaurlaritzak ACAIP-UGTrekin itxitako akordioa gaitzetsi eta «euskal espetxe sistema propioa» aldarrikatzeko. Sindikatuaren arabera, sinaturiko dokumentuarekin, Jaurlaritzak «behin eta berriz aldarrikatu duen eredu aldaketa hipotekatzen du», eta azpimarratu du aurkezturiko dokumentuak ez duela administrazio sektorialaren ordezkaritzaren %15 ere lortu. Horiek horrela, akordioa «gutxiengoan» eta «printzipio demokratikoak eta langile publikoek legitimoki hautatutako gehiengoak errespetatu gabe» sinatu izana leporatu dio ELAk Jaurlaritzari.

Akordioaren edukiei dagokienez, «estatuko ereduari» bide ematen diotela adierazi du sindikatuak, eta eredu propio baten alde egiteko neurriak albo batera utzi direla nabarmendu du. Besteak beste, ELAk salatu du sinaturiko dokumentuan ez dela planteatu «jada eskasak diren lantaldeak» handitzeko lan eskaintza publikorik, pribatizazioari «atea are gehiago irekitzen» zaiola, ez direla kontuan hartu langileen kolektiboak egindako eskaerak, eta ez dela euskalduntze eta berdintasun planen hasiera txertatu.

Halaber, sindikatuak gaineratu du espetxe sistema propio baten alde «borrokan» jarraituko duela, «iraganeko hipotekarik gabekoa» izan eta «askatasunik gabeko pertsonen gizarteratzea» bilatuko duena, eta helburu hori soilik «kolektiboaren eskaerak kontuan hartuz» lortu ahalko dela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.