Akordioaren aldeko emaitzak amaiera emango lioke urte eta erdi iraun duen gatazkari, eta datozen bost urtetarako lan baldintzak finkatuta geratuko lirateke; ezezkoa aterako balitz, ordea, gatazka are gehiago korapilatuko litzateke, ez baitago argi zeintzuk izango liratekeen hurrengo pausoak, eta baliteke lan baldintzak berriro negoziatu behar izatea. Mercedes-Benzen Gasteizko lantegian gaur argituko da lan gatazkak zein norabide hartuko duen aurrerantzean. Atzo egin zuten lan itunaren inguruko bozketa erabakigarria: zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin egindako akordioa babestu ala ez erabaki zuten ia 5.000 langilek.
Atzo goizeko lehen orduan hasi zuten erreferenduma, eta gaur goizeko ordu txikitan amaitu dute. 09:00etan hasi ziren botoa ematen bulegoetako langileak fabrikan jarri ziren 22 boto kutxetan, eta 10:00etan tailerrekoak. Aldiz, egun guztia izan zuten modu telematikoa erabili zuten 500 langile inguruk. Sindikatuen arabera, parte hartze handia izan zuen bozketak, eta ez zen arazorik egon, laneguna bazuten ere.
Joan den asteartean egin zuten akordioa zuzendaritzak eta langile batzordearen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, azken bi hilabeteetan bederatzi egunez ekoizpena eten zuten lanuzteen ondotik. Proposamenak jasotzen du, besteak beste, soldatak %6 igotzea aurten, eta beste %2,25 urtero 2023tik eta 2026ra. 4.000 euroko sari bat ere jasoko lukete, 2021eko igoera ordezkatzeko. Beste ordainsari batzuk handitzea ere jasotzen du testuak, baita gatazkaren korapilo nagusietako bat izan den lan malgutasunari arau batzuk ezartzea ere. 2026ra bitarte egongo litzateke indarrean hitzarmena.
Akordioa egin zuten UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuen ustez, proposamena ona da langile guztientzat, lantegiaren egonkortasuna bermatu eta erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dielako. Gainera, Gasteizko fabrikan auto elektrikoa ekoitzi ahal izateko multinazionalak egin asmo duen 1.200 milioi euro inguruko inbertsioa ere bermatuko luke akordioak.
Hala uste du zuzendaritzak ere, eta lan itunaren negoziazioak negozio plan hori iragarri baino urtebete lehenago hasi bazituzten ere, elkar lotu ditu azken hilabeteetan. Enpresak eskarien arabera egokitu nahi baitu ekoizpena, eta, horrekin batera, datozen urteetarako lan baldintzak. Horregatik ohartarazi zuen proposamena ez onartzeak arriskuan jarriko lukeela inbertsioa, eta, horrenbestez, lantegiaren etorkizuna.
Aldiz, lan itunak eta inbertsio planak loturarik ez duela iritzi diote ELAk, LABek eta ESK-k, eta proposamena ez babesteko eskatu zieten langileei. Sindikatu horien ustez, proposamenak lan baldintzak okertzea ekarriko du, besteak beste, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dutelako. Horregatik, iritzi diote ezinbestekoa dela soldatak KPIari lotuta igotzea. Gainera, uste dute akordioak ez dituela jasotzen beren beste eskarietako batzuk: hala nola txanda kontratu hobeak ezartzea edota langile berrien eta finkoen artean «diskriminaziorik» ez egitea.
Bi agertoki posible
Nahikoa izango da gehiengo sinple bat lan hitzarmenaren akordioari behin betiko onarpena emateko. Kasu horretan, ituna idatzi eta berehala aplikatuko litzateke, akordioaren aldeko sindikatuek adierazi dutenez. Aldiz, emaitza ezezkoa bada, ez dago argi zer gertatuko den; izan ere, beste «alternatibarik» ez dagoela ohartarazi bazuten ere, UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIM sindikatuek adierazi zuten langileen erabakia errespetatuko dutela, eta ez dutela akordioa sinatuko.
ELAk, LABek eta ESK-k argi dute langileek proposamena atzera botatzea erabakitzen badute negoziazioari berrekiteko eskatuko diotela zuzendaritzari. Hiru sindikatuen iritziz, ez dago aurrera egiteko beste modurik. Hain zuzen ere, beste hiru greba egunera deituko lukete aste honetan, beren eskarien aldeko aldarria egin eta presio egiteko.
Enpresak azpimarratu zuen, ordea, ez duela gehiago negoziatuko, proposamena adostu ondotik, «amaitutzat» jo zituztelako azken bileran.
Mercedes, lan baldintzen eta inbertsio handien itzalean
Gaur jakinaraziko dute langileek lan hitzarmenaren akordioa babestu duten ala ez. Aukera guztiak daude zabalik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu