Koronabirusa munduan

Deforestazioa areagotu egin da pandemia garaian, WWFren arabera

Baso soiltzea %150 handitu da talde ekologistak aztertu dituen herrialdeetan Koronabirusaren eraginez, basoen kontrola arindu da, eta horrek bide eman dio legez kanpoko zuhaitz mozketari

Indonesiako oihan eremu suntsitu bat, palma oliorako plantazio bat landatzeko moztua. HOTLI SIMANJUNTAK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusak mundua geldiarazi du. Baina ez erabat. Pandemiak arreta osoa erakarri duela aprobetxatuta, talde batzuek larrialdi egoera erabili dute baso eremu zabaletan legez kontrako jarduerak areagotzeko. Hori da hainbat herrialdetan gertatu dena, WWF elkarte ekologistak argitaratu duen ikerketa baten arabera. Lan horrek jasotzen duenez, deforestazioa %150 baino gehiago hazi da martxoan, aurreko urteetako hilabete bereko datuekin alderatuta.

Marylandeko Unibertsitatearen satelite irudien bidez, Afrikako, Asia hego-ekialdeko eta Hego Amerikako hemezortzi herrialderen baso azalerak aztertu ditu WWFk. Irudi horiek alderatu ditu 2017, 2018 eta 2019 urteetan hilabete berean bildutakoekin. Talde ekologistak ondorioztatu du deforestazioa %150 inguru handitu dela batez beste joan den martxoan. Orotara 654.000 hektarea baso suntsitu direla salatu du. Hau da, Arabaren azalera halako bi inguru.

Daturik kezkagarrienak Hego Amerikako herrialdeenak dira. Bolivian eta Perun seikoiztu egin da deforestazioa, eta Argentinan eta Kolonbian, laukoiztu. Brasilen —Amazonia oihanaren hedadurarik handiena hartzen duen herrialdean— aurreko urteetako kopuruak «oso handiak» zirela nabarmendu du ikerketak, eta, hala ere, oihanaren suntsitzea bizkortzen ari dela. %55 hazi da baso soiltzea martxoan, aurreko urteetako datuekin alderatuta. Asian, Thailandiako datuak dira kezkagarrienak. Han ere lau aldiz handiagoa da moztutako basoen eremua.

Pandemiarekin lotuta

Deforestazioaren azkartze horrek COVID-19aren pandemiarekin lotura zuzena duela adierazi du WWFk. Koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko herrialde askotan hartu diren larrialdi neurrien ondorioz, basoen gaineko kontrola arinagoa dela azaldu du, eta horrek erraztu egin dituela legez kanpoko zuhaitz mozketak eta basoetako lurren erabilera ekonomia jarduera jakin batzuetara bideratzea. Horrez gain, baso tropikaletan bizi diren herri indigenen lurretan ere esku hartzeak ugaritu egin direla salatu dute.

Pandemiaren ondorioz egur salmenta legezkoaren katea gelditu egin dela ere nabarmendu du WWFk. Kamerunen, Kongon eta Tanzanian, portuetako merkataritza jarduna eten zuten, eta, salmentarik gabe, basoak beste jarduera batzuetara bideratzeko interesa areagotu daitekeela ohartarazi du talde ekologistak. Adibidez, basoa nekazaritzara bideratzea erabaki dezakete inguruko biztanleek.

Basoen gutxitzeak, gainera, COVID-19aren gisako gaitz berriak agertzeko arriskua handitzen du, hainbat ikerketak adierazten dutenez. Batetik, ekosistema basatietan esku hartzeak erraztu egiten duelako habitat horietan bizi diren patogenoek animalia basatien bidez gizakietara jauzi egitea: zoonosia delakoa. Bestetik, deforestazioak biodibertsitatea murriztea dakarrelako, eta biodibertsitatearen galerarekin ugaritu egiten direlako gaixotasun infekziosoak animalia basatietatik gizakietara igarotzeko aukerak. Batetik besterako jauzian, tarteko animalia espezie gutxiago igaro behar ditu patogenoak. Biodibertsitateak gaitz horiekiko «ezkutu» funtzioa betetzen dutela gogorarazi du WWFk.

Baso eremuan eraikitzen diren azpiegituren eraginaz ere ohartarazi du. Errepideek eta bestelako eraikuntzek basoak zatitzen dituzte, eta horrek erraztu egiten du eremu bakoitzeko zenbait bizidun era independentean garatzea. Ondorioz, patogeno motak ugaritu egin daitezke, eta gaitzen hedatze arriskua areagotu. Horrez gain, garraiobideek jende gehiago erakartzen dute urruneko baso eremuetara, eta hori ere erraztasun bat izaten da gizakien eta bizitza basatiaren artean elkarrekintza handiagoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.