Koronabirusa

Hegoaldean 90 pertsona zendu dira birusagatik azken astean

Urtarril hasieratik gaitzak jota jende gutxien hil den astea izan da aurrekoa. Beste 468 positibo atzeman dituzte

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru aste dira birusaren transmisioari buruzko adierazleetan beheranzko joera sumatzen hasi zela. Ordutik, nabarmen ari dira apaltzen kutsatuen kurbak Hegoaldeko lau lurraldeetan, baita intzidentzia tasa metatuak ere. Berriki, kutsatzea geldotu izanaren ondorioz, koronabirusaren estatistiketako adierazlerik gordinenean izan da beherakada: heriotzetan. Izan ere, iragan astean baino 33 lagun gutxiago zendu dira astebetean Hego Euskal Herrian gaitzagatik. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den igandera arte 90 lagun hil ziren astebetean birusak jota. Hau da, otsailaren 15etik 21era arteko egunetan izandako heriotzen zenbatekoari dagokio datua, eta azken zazpi asteetan Hegoaldean erregistratu den kopururik apalena da. Urtarrilaren 4tik 10era bitarteko astetik aitzina, kopurua beti izan da langa horretatik goitikoa.

Zehazki, azken astean Hego Euskal herrian birusarekin hildako 90etatik hamar Nafarroan zendu dira, eta gainerako 80ak, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehaztu du azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako 80 heriotzetako 68tan COVID-19a izan dela kausa nagusia. Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du ñabardura hori egiten; hau da, kontaketa bakarra egiten du koronabirusarekin eri zirela hil diren guztiak zenbatzeko. Gainera, foru gobernuak atzo jakinarazi zuenez, koronabirusarekin eri zen emakumezko bat zendu zen herenegun Nafarroan; 97 urte zituen.

Birusaren transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak 11.916 proba egin zituzten herenegun COVID-19a atzemateko, eta 468 kasu positibo detektatu zituzten guztira. Hala, asteartean egindako testen %3,9k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Zehazki, Nafarroan %2,65 da positiboen ehunekoa, eta, aldiz, Osakidetzak egindako testetan %4,2 da. Egun bakarrean zenbatutako kasuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian 233 kasu zenbatu zituzten asteartean; Gipuzkoan, 103; Araban, 65, eta Nafarroan, 63. Gainera, intzidentzia tasak etenik gabe ari dira beheraka. Azken datuen arabera, Bizkaian 100.000 biztanleko 359 laguni atzeman diete birusa azken hamalau egunetan. Araban, 278 da tasa; Gipuzkoan, 231; eta Nafarroan, 140.

Kasu gutxiago ospitaleetan

Gutxika-gutxika, Hegoaldeko erietxeetan ere hasia da arintzea nabaritzen. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, herenegun 49 lagun eraman zituzten ospitalera gaitzaren sintomak larriagotuta.

Oraintxe bertan, 558 pertsona daude erietxeetan. Paziente horietako 405 zentroetako gela arruntetan daude, eta 153 daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino bat gutxiago, alegia. Hain zuzen ere, beste behin, azken hilabetean izandako kopururik apalena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.