EPk 200 milioiko aurreakordio bat egin du Jaurlaritzarekin aurrekontuetarako

Hezkuntza publikoan, enpresen deslokalizazioaren kontra, trantsizio ekologikoan eta berdintasunean adostu dituzte diru sailak. Martinezek dio akordioa ez dagoela erabat itxita, baina «bide onean» doala

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, Lander Martinez buru, atzo Gasteizen egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek aurreakordioa lortu zuten herenegun 2020ko aurrekontuak onartzeko, eta atzo akordio horren xehetasun batzuk eman zituen Elkarrekin Podemosek.Lander Martinez taldeko eledunak jakinarazi du akordioa 200 milioi eurokoa dela; kopuru hori zuzenketa partzialetan jasota egongo da. Akordioa ez dago itxita, eta, beraz, Martinezek ez ditu diru sail guztiak zehaztu. Oraingoz, aurreratutako akordioa 59 milioi eurokoa da, eta gainerako 141 milioiak nora bideratuko dituzten, berriz, datozen egunetan negoziatzen jarraituko dute bi aldeek. Jaurlaritzarekin lortutako aurreakordioa 2020ko aurrekontuetarako bada ere,jaso dituzte 2021erako kreditu konpromisoak ere, EPko bozeramaileak aurreratu duenez.

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostu dute hezkuntza publikoari hamar milioi gehiago bideratzea, batez ere «segregazio handia» duten ikastetxeentzat. Kopuru horretatik zortzi milioi 2020rako hitzartu dituzte, eta beste bi milioi 2021erako. Hezkuntza publikoa eta doakoa «orokortzeko» neurriak ere jaso dituzte aurreakordioan, baina horiek ez daude oraindik itxita. Bestalde, deslokalizazio prozesuak izateko arriskua duten enpresak laguntzeko 10 milioi bideratzea adostu dute.

Klima aldaketaren aurkako neurriak ere hitzartu dituzte, eta, horrela, trantsizio ekologikoarentzat hamabost miloi euro gehiago bideratuko dute. Diru sail hori hiru alorretan gauzatuko da: hiru milioi enpresak, familiak eta instituzioak trantsizio ekologikoaren alorrean prestatzeko; bederatzi milioi trantsizio ekologiko «justu» batean urratsak egiteko; eta beste hiru milioi herritarrak klima aldaketatik «babesteko», besteak beste zenbait plan lantzeko ibaiek gainezka egin ez dezaten.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ere jasotzen ditu aurreakordioak. Horren arabera, milioi bat euro erabiliko da «zaintzak demokratizatzeko» eta beste hiru milioi, berriz, «indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko».

Enplegua sustatzeko adostutako neurri sorta, berriz, 20 milioi eurokoa dela jakinarazi du Martinezek. Besteak beste, adostu dute martxan jartzea eskualde planak eta «maskulinizatuta» dauden lan esparruetan emakumeak trebatzeko eta kontratatzeko plan bat. Gainera, Lehen Aukera plana aldatzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, kontratazio mugagabea lehenesteko eta autonomoei aukera gehiago irekitzeko, Martinezek jakinarazi duenez. Azkenik, ludopatiaren prebentziorako 436.000 euroko diru saila hitzartu dute.

Abstentzioa

Aurrekontuak onartzeko aurreakordioa lortuta, Elkarrekin Podemosek ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko, eta abstenitu egingo da hilaren 27ko bozketan. «Ez diegu baiezko botoa emango, ez direlako gure aurrekontuak», zehaztu du Martinezek. 200 milioi euroko akordioa ez ezik, konpromiso politiko bat ere jasoko du behin betiko akordioak: akordio politiko horrek alokairuaren erreferentzia indize bat jasoko luke, taldeko eledunak iragarri duenez. Aurrekontu legearen testu artikulatuari aurkeztutako zuzenketa batzuk ere hitzartu dituzte Jaurlaritzarekin, haren arabera.

Xehetasunak, hala ere, aurrerago emango dituzte, oraindik negoziatzen jarraituko baitute bi aldeek. Akordioa itxi gabe dagoen arren, Martinez baikorra da: «Bide onean goaz». Jakinarazi duenez, oraintxe hezkuntza publikoarekin eta gizarte babesarekin lotutako neurriak daude negoziazio mahaian. Besteak beste, Elkarrekin Podemosen helburuetako bat da DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta %2 baino gehiago igotzea. Ez dute zehaztu noiz egingo duten hurrengo bilera.

Jakina denez, Elkarrekin Podemos osatzen duten alderdi guztiek ez dituzte babestuko kontuak, Ezker Anitza-IUko bi legebiltzarkidek erabaki baitzuten ez dutela bat egingo, eta Martinezek jakinarazi du bi legebiltzarkide horiek kontrako botoa emango dutela. Adar antikapitalista ere lortutako aurreakordio horrekin haserre agertu da sare sozialetan. Euskal herritarrei «inposatzen» ari zaien «eredua eta kudeaketa onartzea» dela nabarmendu du, eta «aldaketarako tresna izateko jaio zena», sorrerako balio horietatik «aldenduta» gelditu dela azpimarratu dute: «Euskadin M15ak egindako zikloaren behin betiko itxiera mingarria da hori».

Gobernabidea

Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek adostasun maila handia lortu dute, aurrekontuetan ez ezik, baita EAEko estatutu berriaren inguruan ere, eta Lander Martinezi galdetu zioten ea horrek ateak irekitzen dizkion gobernabide akordio bat lortzeari. «Gure helburua euskal gizartearentzako akordio baliagarriak egitea da», erantzun du.

Galdera bera egin zioten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari, eta hark aitortu zuen Madrilen PSOEren, EAJren eta Unidas Podemosen artean sortutako «sintoniak» beste instituzioetan «elkar ulertzeko aukerak» zabaldu ditzakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.