Gero eta nabariagoa da COVID-19aren beheranzko joera. Azken datuen arabera, beste 130 kutsatu detektatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan baino hirurogei kasu gutxiago. Guztira, 19.886 dira atzemandako kasu positiboak. Koronabirusaren ondorioz hildakoen kopuruak ere behera jarraitzen du, eta hamabi hildakoren berri eman zuten atzo. Denera, 1.675 lagun hil ditu koronabirusak. Sendatuen kopurua, aldiz, gora doa; azken orduetan 321 gaixok jaso dute sendagiria, eta denera 7.869 dira.
«Pandemia hasi zenetik, COVID-19ak kutsatutako hamar pertsonatik zazpi sendatu dira», azaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak. Adituen arabera, izurritearen fase honetan komeni da proba serologikoak egitea, gaitzaren hedapenaren argazki errealago bat edukitze aldera.
Hain zuzen, atzo abiatu zituzten Hego Euskal Herrian bi ikerketa serologiko: batetik, Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketari ekin diete lau herrialdeetan. Guztira, 7.350 pertsonak parte hartuko dute: Eusko Jaurlaritzak 5.000 proba eginen ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernuko Osasun Publikoko Institutuak, berriz, 2.360 laguni eginen die testa datozen asteetan.
Bi erakundeok jakinarazi dutenez, atzo zituzten lehen hitzorduak, eta, datozen egunetan, proba eginen diete parte hartzaileei. Lehenik eta behin, galdetegia eginen diete, birusarekin kontaktua izan duten jakiteko, eta gero, odola aterako diete, IgM eta IgG motako antigorputzak antzemateko. Murgaren esanetan, ikerketaren helburua da «jakitea, test serologikoen bidez, zenbat pertsonak gainditu duten COVID-19a eta zenbat dauden immunizatuta».
Bestalde, sintomak izan arren PCR proba egin ez zaienak ere aztertzen hasia da Eusko Jaurlaritza. Pandemiaren hasieran asko izan ziren egoera horretan geratu zirenak, eta Osasun Sailaren helburua da jakitea ea benetan koronabirusa izan zuten ala ez, «gaixotasunak izan duen hedapenaren mapa bat egin ahal izateko». Lehen fasean 4.147 laguni egingo dizkiete probak.
EHUrekin hitzarmena gertu
Proba serologikoek balio dute pertsona batek gaitza pasatu duen ezagutzeko, baina ez koronabirusaren presentzia detektatzeko. Horretarako, PCR testak erabiltzen dira. Euskal Herriko Unibertsitateak eredu bat garatu du, eta hori ezartzeko eskatzen ari zaio Jaurlaritzari hainbat esparrutatik. Atzo, Nekane Balluerka errektoreak ukatu egin zuen «ezer ilunik» egotea EHUren testen inguruan, eta erantsi zuen espero duela aste honetan sinatzea hitzarmen bat Osakidetzarekin, osasun publikoan erabil ditzaten.
Larunbatean, EHUko irakasle, katedradun eta ikertzaile talde batek babesa azaldu zion unibertsitate publikoko ikertalde batek Ikerbasquerekin, Achucarro institutuarekin eta Biofisika Bizkaia fundazioarekin elkarlanean garatutako ereduari, eta Jaurlaritzari eskatu zioten azalpenak emateko test horiek ez erabiltzearen inguruan. Onda Vascan eginiko elkarrizketa batean, Balluerkak «pazientzia» eskatu zuen, eta argudiatu «hasiera-hasieratik» ari direla elkarlanean.
Autobusean, maskararekin
Gaitzaren diagnostikoan eta ikerketan ez ezik, segurtasun neurrietan ere aldaketak iragarri zituen atzo Eusko Jaurlaritzak: Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak azaldu zuen maskara janztea ezinbestekoa izanen dela aurrerantzean garraio publikoa erabiltzeko. Bestalde, autobus eta tren geltokietan gel hidroalkoholikoa jartzeko eta erabiltzaileen tenperatura neurtzeko asmoa agertu zuen Tapiak: «Geltoki itxietan egingo da. Tenperatura 37 gradutik gorakoa bada, ez zaio pertsona horri pasatzen utziko».
Test serologikoa egin dioten paziente bati elkarrizketa: «Bakartzea zerbaitetarako egin nuen ala ez jakiteko egin dut testa orain»
Koronabirusa
Ikerketa serologikoak abiatu dituzte, izurriaren «mapa» marrazteko
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hasiak dira Karlos III.a Unibertsitatearen seroprebalentzia ikerketarako probak egiten. Garraio publikoa erabiltzeko neurriak zorroztuko ditu Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu