Diktadurako eta 36ko gerrako 137 hildako identifikatu dituzte

EHUren Biomics ikerketa taldea hamar urtean aritu da lanean, Aranzadirekin, Gogora institutuarekin eta biktimen elkarteekin batera. 297 pertsonaren profil genetikoa lortu dute

36ko gerran hildako baten gorpuzkiak, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
EHUren Biomics ikerketa taldeak 36ko gerratik eta Francoren diktaduratik hobiratuta zeuden 137 hildako identifikatzea lortu du, horiei eta senideei DNA probak eginez. Gainera, beste 297 pertsonaren profil genetikoa ere eskuratu dute, baina oraindik ezin izan dituzte identifikatu, familiakoen DNAk falta zaizkielako. Aranzadiren, Gogora institutuaren eta biktimen elkarteen laguntza eduki dute.

Marian Martinez de Pancorbok gidatutako ikertzaile taldea hamar urtean aritu da gorpuzkiekin lanean. Hego Euskal Herriko, Balear uharteetako, Gaztela eta Leongo eta Espainiako beste lurralde batzuetako hobietatik ateratako gorpuzkiak aztertu dituzte. Hain zuzen ere, horien hezurretatik eta hortzetatik ateratzen dituzte laginak, eta behin DNA lortzen dutenean, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertzen dituzte, senidetasun motaren arabera. Analisi genetiko horien helburua da gorpuzkien profila lortzea, alderaketak egiteko familiakoen laginekin edo desagertutakoen senideen DNA bankuko datu basekoekin. Kasu guztietan azterketak izaten dira desberdinak: aitaren bidetik jo nahi badute, Y kromosoma aztertzen dute; amaren bidetik, ordea, DNA mitokondrialari erreparatu behar diote.

Biomics taldeak zailtasun ugari izan ditu lanerako. Batzuetan, urteen poderioz, hondatuta iritsi zaizkie gorpuzkiak. Besteetan, gorpuzkien DNA lortu arren, ez dituzte gertutasun nahikoa duten senideak aurkitu. Izan ere, urteak igaro ahala, zuzeneko senide informazio genetiko gehiena ematen dute gutxiago daude.

Normalean erabili ohi diren metodoak ez dira nahikoa pertsona horien guztien gorpuzkiak identifikatzea lortzeko. EHUren ikerketa taldeak erakutsi duenez, analisi genetikoak tresna eraginkorra dira biktimak identifikatzeko. Gainera, aurrerapen teknologikoek ondorioz, DNA mitokondrialaren zati txikiagoak aztertzen dituzte. Horrela, lehen bereizketa bat egin daiteke, amaren aldeko erlazioak baztertzeko. Hau da, errazagoa da jakitea amaren aldetik familia erlaziorik ez dagoela.

Orotara, 525 pertsonaren gorpuzkiak aztertu dituzte, baina %17tan ezin izan dute profil genetikoa atera, laginen DNA kaltetuta zegoelako.

Milaka desagertu

Oraindik, milaka pertsona daude hobitik atera eta identifikatzeko. Izan ere, hainbat azterketaren arabera, 114.000 pertsona desagertu ziren Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan 36ko gerran eta Frankoren diktaduran. Oraingoz, biktima horien ehuneko txiki bat baino ez dute berreskuratu eta identifikatu. Hain zuzen ere, azken hamabost urteetan, 9.000 hildakoren gorpuzkiak berreskuratu dituzte, 700 hobi komunetatik 2.000 baino gehiago daudela kalkulatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.