Presio eltze baten erara, Osasunbideko profesionalek eutsi egin diete urteetan pilatutako tentsioei eta ezinegonari. Baliabide eskasia, lan gainkarga eta arretaren okertze progresiboa ez dira arazo berriak, baina egoera orokorrak okerrera egin du COVID-19aren izurriaz geroztik. Nafarroan, azken hilabeteetan, Sindikatu Medikoak monopolizatu du lan baldintzen inguruko eztabaida, Nafarroako Gobernuarekin aldebiko negoziazio bide bat zabalduta. Arazoa, baina, ez datza soldata kontuetan bakarrik. Errokoa da. Hori dela eta, Nafarroako osasun sistema publikoko gehiengo sindikalak greba deialdi propioa eginen du, Sindikatu Medikoak atzo abiatutakotik bereizita. Hilaren 15etik aurrera eginen dute lanuztea.
LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOO sindikatuek gaur azalduko dituzte grebaren nondik norakoak, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Sindikatu horiek osatzen dute Osasunbideko intersindikala, Nafarroako Sindikatu Medikoarekin eta SATSErekin batera. Sindikatu Medikoak ez du gehiengoaren deialdia babestu, atzotik grebara deituak baititu Nafarroako sendagileak, aldarrikapen propioekin. SATSE erizainen sindikatuak, berriz, oraindik ez du erabaki protestara batuko den ala ez.
Osasun arloko aldarrikapenak negoziatzeko tenorean «batera» aritzeko beharra nabarmendu dute sindikatuek, eta txarretsi egin dute Nafarroako Gobernuak eta Sindikatu Medikoak orain arte izandako jokabidea: «Prozesu honetan, ez dira negoziazio foro egokiak erabili», adierazi dute ohar batean.
Are: otsailaren 15eko grebaren eta horrekin batera eginen dituzten mobilizazioen aldarrikapenetako bat izanen da «hartzen diren neurriak adostuak izan daitezela». Aste honetan, adostasun horren kontra egin du Sindikatu Medikoak, gobernuaren solaskide bakar izan nahi duela adierazita, haren aldarrikapenak ez daitezen eztabaidatu ez Osasunbideko mahai sektorialean ez Funtzio Publikoko mahai orokorrean.
Intersindikalaren oharrean Nafarroako Sindikatu Medikoa propio aipatu ez badute ere, LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOO kexu dira aspalditik, uste baitute Nafarroako Gobernuak lehentasun osoa eman diola medikuen elkarte ultrakontserbadoreari, sektoreari lotutako eztabaida eta negoziazio prozesuetan.
Sindikatu Medikoak ez du bat egin otsailaren 15eko greba deialdiarekin, eta atzo ekin zion bere kabuz antolatutako greba mugagabeari. Sindikatu Medikoak hiru puntu nagusitan ardaztu ditu bere eskaerak: soldata igoera—500 euro aurten eta beste horrenbeste 2024an—; lan kargaren arintzea; eta sare publikoan eta pribatuan nahieran aritzeko askatasuna, esklusibotasun sariari uko egin gabe.
Intersindikalaren deialdian, berriz, helburutzat jo dute «osasun arretaren kalitatea, lantaldearen eskubideak eta lan baldintzak hobetzea».
Osasunbideko gehiengo sindikalak grebara joko du, Sindikatu Medikotik bereiz
LAB, SAE, UGT, ELA, Afapna eta CCOOk hilaren 15erako egin dute deialdia. «Osasun publikoaren kalitatea eta lan baldintzak» hobetzea daukate xedetzat. Negoziazioa gobernuaren eta Sindikatu Medikoaren artean egin izana salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu