Ikus-entzunezkoen lege proiektuak egin du bere bidea batzordean

Espainiako Kongresuak datorren astean eztabaidatu eta bozkatuko du afera, osoko bilkuran. Plataformek diru sarreren %0,52 jarri beharko dituzte hizkuntza koofizialetan egindako lanetarako

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Espainiako Kongresuko Gai Ekonomikoetarako eta Eraldaketa Digitalerako Batzordeak begi onez ikusi du Ikus-entzunezkoen Lege Proiektua. PSOEren, Unidas Podemosen, EAJren eta ERCren babesa jaso du, eta PPk, Voxek eta JxCk aurka bozkatu dute. EH Bildu eta Ciudadanos, berriz, abstenitu egin dira. Hurrengo urratsa Espainiako Kongresuaren osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzea izango da; ondo bidean, datorren astean. Adostutakoaren arabera, plataforma digitalek diru sarreren %0,52 hizkuntza koofizialetan egindako lanetarako erabili beharko dituzte, besteak beste.

Ikusi gehiago:Ikus-entzunezko Legean ezarritako kuotak «testimonialak» dira, hizkuntza gutxituen aldeko eragileen arabera

Legea aurrera ateraz gero, streaming plataforma handiek euren diru sarreren parte bat Europan egindako ikus-entzunezkoetarako erabili beharko dute lehen aldiz, eta estatuko telebista kateen pare jarriko dira. Zehazki, estatuan lortutako diru sarreren %5 Europako ikus-entzunezko lanak sustatzeko erabili beharko dituzte, eta ehuneko horren barruan, gutxienez %70 izango dira estatuko hizkuntzetan eginiko lanentzat. Beste urrats bat gehiago egin behar da, ordea, euskarak, katalanak eta galegoak zenbateko presentzia izango duten zehazteko. Horiei %70 horren %15 bermatuko die legeak. Hiru hizkuntzetako bakoitzean egindako lanetarako, berriz, gutxienez %10 jarriko dira, eta gainerakoa erkidegoetako herritar kopuruaren arabera banatuko da. Azken puntu hori EAJk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten, jeltzaleek aste hasieran azaldu zutenez. Horren helburua, EAJren arabera, laguntza guztiak hizkuntza bakar baterako izan daitezen eragoztea da. EH Bildurentzat, baina, kopurua ez da nahikoa.

Laguntzak bati edo besteari emateko oinarri bakarra ez da hizkuntza: %70 produkzio independenteei eman beharko dizkiete, eta %30 emakumeek sortu edo zuzendutako lanei. Era berean, gutxienez %45 pelikulak egiteko izan beharko dira. Telebista publikoei dagokienez, ikus-entzunezkoetarako erabili beharreko diru sarreren ehunekoa zertxobait handiagoa izango da: %6. Alabaina, 50 milioi eurotik beherako diru sarrerak dituztenentzat, betebeharrak txikiagoak dira.

Ez dira horiek plataformei ezarritako baldintza bakarrak. Katalogoaren %30 Europan egindako lanekin osatu beharko dute, Europako Batasunak ezarri bezala. Espainiako Gobernuaren lege proiektuak, gainera, zehazten du erdia gazteleraz edo hizkuntza koofizialetan egindako lanekin osatu behar dela, eta horren %40k hizkuntza koofizialetan behar duela. Legeak, baina, egoitza nagusia estatu barruan duten enpresei soilik eragingo die.

Neurri sorta luzea

Lege proiektuak 131 orrialde eta 164 artikulu ditu, eta plataformen irabazien ingurukoez gain, RTVEren finantzaketa eta telebista autonomikoen gobernantza ere aipatzen ditu, besteak beste. Gainera, talde parlamentarioek aurkeztutako zenbait zuzenketa ere onartu ditu batzordeak, hedabide komunitarioei eta jabetza intelektualari lotutakoak, besteak beste. TVEk haurrentzako bere edukiak euskarara bikoiztea ere jaso du lege proiektuak. Gobernuak, baina, galarazi egin du telebista autonomikoek BEZa kentzeko aukera izatea, argudiatuta aurrekontuetan eragingo zukeela.

Gorabehera handiak izan ditu lege proiektuaren tramitazioak orain arte, eta afera Espainiako aurrekontuak arriskuan jartzera ere iritsi zen,harik eta gobernuak eta ERCk adostasuna lortu zuten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.