Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Banaka mahaietan?

2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Oraindik ez dago argi irailean nolakoa izango den eskoletarako itzulera, baina argitaratu diren irudietan, hala ikasleak gelaratu berri diren eskoletako argazkietan nola han-hemenka aurkeztu diren simulazioetan, ikasgelek orain urte askoko gelak dirudite: umeak banan-banan jarrita, guztiak irakasleari begira. Antolaketa horrek izango du osasunaren zaintzan arrazoirik, baina ikuspegi pedagogikotik izan dezakeen kostua ez da txikia.

Gelan izaten diren elkarrizketak, irakasle-ikasle artekoak zein ikasle-ikasle artekoak, funtsezkoak dira ikaskuntzari dagokionez. Eta horri erantzutera etorri da gure geletako azken urteotako aldaketa handi bat, ikasleak talde txikitan jarrita ikusi ditugu eguneko momentu askotan, irakasleari begira barik elkarri begira, eta irakasleak, ikasleen artean, talde txikitik talde txikira joan-etorrian ikasleen beharrei erantzuteko.

Urte asko daramatzagu aldarrikatzen ikaskuntzak elkarrekintza eskatzen duela, halaxe ikasi genuen Vygotskyren eskutik. Ikaskuntzak eskatzen du ikaslearen aurretiko ezagutzak azaleratzea, ikuspuntu desberdinak eztabaidatzea eta euren arteko loturak egitea, esanahiak negoziatzea, ulermena ziurtatzea eta ikasitakoa hitzez adieraztea... eta hori, batez ere, gelako elkarrekintzan gertatzen da. Ezinbestekoa da ikasleei aukera eskaintzea erantzun luze-zabalak emateko, galdera berriak proposatzeko, euren arteko ideiak kontrastatzeko eta ikuspuntu desberdinak eztabaidatzeko.

Ikaslea erdigunean jartzeak aldaketa sakona eskatzen die irakasleei. «Zenbat hitz egiten dudan!», horixe irakasle asko-askoren ahotik entzuten duguna euren burua jardunean ikusten dutenean. Irakasleena izan da hitzaren jabetza geletan, irakasleek izan dute ezagutzaren boterea eta ikaskuntza ulertu izan da ezagutza horren transmisio gisa. Irakaslea zen ezagutzaren iturria, ikaslea hori jasoko zuen ontzia. Eta azkenaldian ikuspegi horri aurre egiteko ahalegin handia egin da, ikasleari eta hark egiten duen ikaskuntzari arreta jartzen dioten metodologiak sustatu dira. Ikasleei hitza eman eta ikaskuntzaren protagonista bihurtu nahi ditugu, onartu dugu ikasleek euren artean jardunez ikasten dutela eta irakasleon lana prozesu hori erraztea dela.

Eta hementxe gogoeta: ikasleen banakako antolaketa horrek ez du askorik lagunduko elkarrekintza sustatzen, elkarri bizkarra ematen dioten ikasleek nekez jardungo baitute elkarrekin. Geletarako itzulera diseinatu behar dugun honetan, osasun alderdiekin batera, ondo-ondoan, alderdi pedagogikoak ere oso kontuan hartu beharko ditugu urteetan kostata emandako aurrerapausoak atzerapauso bihur ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.