Koronabirusa

Helduleku juridikoak, zalantzan

Espainiako Gobernuak igande honetan indargabetuko du alarma egoera, eta Hegoaldeko administrazioek zalantza dute oinarrizko askatasunak murrizteko lege babes nahikorik izango ote duten. Neurri murriztaile ia guztiak epaileek berretsi beharko dituzte.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat, Gasteizko irteeran. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
edurne begiristain
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Maiatzaren 9an bertan behera utziko du Espainiako Gobernuak COVID-19aren aurkako izurriari aurre egiteko alarma egoera. Erabaki horrek ekar ditzakeen ondorioek ezinegona eragin dute Hego Euskal Herriko erakundeetan. Batez ere Eusko Jaurlaritzak agertu ditu zalantzak: kezka agertu du pandemiari aurre egiteko neurriak ezartzeko mugen eta berme juridikoen inguruan.

Eremu politikoan dago auzia, baina juridikoa da mamia. Eta juristen artean ere badago eztabaidarik. Alarma egoera bertan behera utzita, erkidegoek ahalmena izango dute oinarrizko askatasunak mugatzen dituzten neurriak hartzeko? Joan-etorrien debekua, etxeratze agindua edota elkartzeko debekua ezarri ahal izango dituzte? BERRIAk kontsultatu dituen zuzenbide adituen artean ez dago erabateko adostasunik, indarrean dauden legeen babes juridikoaz aski interpretazio ezberdinak egiten dituztelako. Hala ere, denak bat datoz puntu batean: alarma egoerarik gabe, neurri ia guztiak epaileen erabakien menpe geratuko dira.

Ikusi gehiago:Gorenak izango du azken hitza

Aditu batzuek ez dute zalantzarik: legedi arruntak helduleku juridiko nahikoa ematen dizkie erkidegoei beharrezkoak diren neurri murriztaileak hartzeko. Hala uste dute Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbide irakasleak eta Zelai Nikolas Europako Zuzenbideko eta Konstituzio Zuzenbideko adituak. Biek ala biek diotenez, Osasun Publikorako Neurri Bereziak arautzen dituen 3/1986 Lege Organikoak eskaintzen dizkie tresnak; zehazki, lege horren hirugarren artikuluak. Artikulu horrek zehazten du erkidego bakoitzeko osasun agintariek «beharrezkotzat jotzen dituzten» neurriak har ditzaketela transmisio bidezko gaixotasunak kontrolatzeko. Urrutiaren aburuz, arau horrek interpretazio «zabala» dauka, eta, beraz, haren «babespean» jardun dezakete erkidegoek pandemiaren aurka, alarma egoerarik ezarri gabe.

Nikolasek gogora ekarri du, adibidez, Galiziako Gobernuak onartu berri duen osasun legearen inguruan Estatu Kontseiluak eman duen irizpenak argi dioela osasun publikoa arriskuan denean botere publiko guztiek dutela alarma egoera eta legedi arrunta erabiltzeko aukera. «Biak», zehaztu du: «Propio esaten du biak direla egokiak osasun krisiari aurre egiteko. Are, argitzen du ez direla bateraezinak, ezta baztertzaileak ere». Horiek hala, Nikolasek nabarmendu du Hegoaldeko erakundeek badutela «ahalmena» osasun arloko neurriak «modu askean» hartzeko.

Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide Pribatuko katedradunak, ostera, legeen edukiari erreparatu dio, eta ez du zalantzarik: alarma egoerarik gabe, Hegoaldeko administrazioek ez dute gaitasunik izango indarrean dauden hainbat neurri murriztaileri eusteko. Alvarezen ustez, indarrean dauden lege arruntak Osasun Publikoko lege organikoa edo Babes Zibilerako lege organikoa ez daude pentsatuta oinarrizko eskubideak murrizteko, eta, beraz, erkidegoei ez diete ahalmenik ematen. «Eskubideen murrizketa orok lege organiko baten babesa behar du, baina lege horiek ez dute halakorik jasotzen, modu oso subjektiboan aurreikusten dituztelako eskubideen murrizketak». Hau da, itxiera perimetralak eta etxeratze aginduak ezin dira ezarri lege horiekin, Alvarezek esplikatu duenez.

Iritzi berekoa da Ainhoa Lasa EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea ere. Irmo dio: «Erkidegoek ez dute eskumenik konfinamendua edo etxeratze agindua ezartzeko. Osasun alorreko oinarrizko araudiak ez die horretarako aukerarik ematen».

Kontrol judiziala

Lege organikoetan eta legedi arruntean zirrikituak egon badirela iritzi diote, ostera, Urrutiak eta Nikolasek. Uste dute ohiko legeek oinarrizko eskubideak mugatzeko parada ere ematen dutela, eta erkidegoei nahikoa erreminta jartzen dizkietela eskura osasun krisia kudeatzeko. Hori bai, ohartarazi dute oinarrizko eskubideekin talka egiten duten erabaki guztiek justiziaren berrespena beharko dutela, ezinbestean. «Hor dago gakoa», zehaztu du Urrutiak.

Izan ere, erkidegoetako osasun agintaritzek baimena eskatu behar diete auzitegiei giza eskubideak edo askatasun publikoak mugatzen dituzten erabakiak hartzeko. Horiek hala, igande honetatik aurrera Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako Justizia Auzitegien oniritzia behar izango dute, besteak beste, itxiera perimetralak ezartzeko, gaueko ordutegian zirkulazio askea mugatzeko eta bilkurak mugatzeko. Urrutiaren aburuz, epaileen baimena behar izateak ez luke arazo izan behar «ikuspuntu demokratiko batetik».

Epaileen esku hartzearen inguruan oso bestelako interpretazioa egin du Alvarezek. Aski zuhurragoa. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak dekretu bidez hartu ditzaketen neurriak indarrean sartu aurretik, auzitegien baimena eskuratu beharko dute, eta horrek «hutsune juridiko bat» sortuko du. Izan ere, EAEko eta Nafarroako Auzitegi Nagusiek erabaki beharko dute gobernuek hartutako neurriak erkidegoaren eskumenetan dauden, eta murriztu nahi diren oinarrizko eskubideekiko proportzionalak diren, eta, horrek, goitik behera baldintzatuko du neurrien berehalako eraginkortasuna. Alvarez: «Neurriak indarrean sartu aurretik epaileen ebazpena itxaron beharko da, astebete gutxienez. Epe horretan, linbo juridiko batean egongo gara, neurri murriztailerik gabe. Birusak, bitartean, bere kasa mugitzen jarraituko du».

Horiek hala, igandetik aurrera «ziurgabetasun» egoera bat etor daitekeela iragarri dute Alvarezek eta Lasak. «Argi eta garbi». Alvarezek azaldu duenez, alarma egoeraren dekretuak eskaintzen duen lege babesa desagertuz gero, Hegoaldeko administrazioak «segurtasun juridikorik» gabe geratuko dira, besteak beste, joan-etorriak mugatzeko. Ordea, prebentzio eta higiene neurri orokorrak hartzeko espazio publikoen edukiera mugatzeko, edota maskararen erabilera arautzeko, besteak beste eskumenak izaten jarraituko dute, Lasak gehitu duenez.

Igandean alarma egoera bertan behera utzita ere «salbuespenezko araudia» indarrean jartzeko modua badela argitu du Alvarezek. Bi aukera aipatu ditu: egoera berrira egokitutako beste alarma egoera bat ezartzea, aldiro luzatuko dena, edo autonomia erkidego bakar batzuetan bakarrik ezartzea, Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordeak aipatutakoaren bidetik. «Aukera horietako bat baliatu ezean, ez dugu ezer izango», ohartarazi du.

Pandemiaren aurkako legea

BERRIAk kontsultatu dituen juristen ustez, ezinbestekoa da erkidegoei osasun krisia kudeatzea ahalbidetuko dieten tresnak lege batean jasota egotea. Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari da pandemia kudeatzeko lege egitasmoa, EAJk eta PSEk sustatuta. Ez da edozein epidemiari aurre egiteko ondutako araua: COVID-19aren izurriaren ondorioz sortutako premiazko beharrei erantzuteko egin da, «egoera jakin baterako lege zehatz bat behar delako». Adituek beharrezkoa ikusten dute lege propio bat garatzea, baina tramitean dagoena hankamotz geratuko dela uste dute, Espainiako Gobernuaren legediaren menpe dagoelako. Alvarez: «Legea zuzena da, ordenatua, baina arazo bat du: ez du eskumen berririk sortzen». Lege egitasmoaren ataria esanguratsua da ikuspuntu horretatik, lau aldiz aipatzen baitu alarma egoeraren araudia dela jarduteko eremua. «Ez du balio egungo egoerari erantzuteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.