Kurios naiz Santiago Abascal Granadan egon ote den. Baietz pentsatzen dut, muturreko nazionalistentzat Granadak sinbolismo berezia duelako: errege katolikoen azken (bir)konkista da, espainiar inperioaren handitasunaren hasiera lekua. Ziur nago Abascalek Espainiaren garaipenaren zantzuak topatuko dituela hirian zehar: Eliza katolikoaren indarra katedralean, errege kristauen nagusitasuna Alhambran ahokatutako Karlos V.aren palazioan...
Nik, aldiz, kontrakoa topatzen dut Granadan: nahi beste espainiar ikurrina jarrita ere, andalusiar musulmanen kulturaren oinarrietan hazi eta hezi den hiria. Musulmanak diot arabiarrak esatea okerra delako: dokumentuek erakusten digute Alhambra eraiki zenerako, nazartarren aitzindariek hiru mende gutxienez zeramatzatela penintsulan bizitzen; dokumentatu gabe, denbora gehiago ziur asko. Andalusiarrak ziren, penintsulako musulmanak, bertako biztanleak; iberiarrak, erromatarrak edota godoak euren aurretik izan ziren bezain bertakoak.
«Greziak harrapatu du bere konkistatzaile basatia», idatzi zuen Horaziok, Erroma militarki gailendu arren guda kulturala herri heleniarrak irabazi zuela adierazteko. Izan ere, erromatarrak liluratu ziren greziar artea ezagutzean; konpultsiboki eraman zuten hiriburura, eta behin eta berriz kopiatu zuten euren etxe zein jauregietan kokatzeko. Greziar sorkuntzak eta pentsamenduak erabat baldintzatu zuen hurrengo mendeetako italikoen kultura, erromatar artea azken arte helenistikoa kontsideratzeraino.
Gauza bera ikus daiteke Granadan: errege-erregina katolikoen esfortzu orok gainditu ezin duen kultur izaera nazartar aberatsa. Hiri berriki kristauan estalki mudejarrez apaintzen ziren jauregi eta komentuak; ura eta naturarekin bat jarraitzen ziren eraikitzen etxe eta palazioak, espazio irekiari itxiari bezain beste garrantzia emanez; eta gitarren zein kantuen soinuetan entzun daitezke gaur egun ere Erdi Aroko musikaren aztarnak.
Metaforarik ederrena Karlos V.ak Alhambraren erdian eraikitako jauregi ezin hotzagoan ikus daiteke: palazio nazartarren ondoan eraiki zuen erregeak, hauek botatzea izango litzatekeen basakeriaz jakitun, baina bere marka propioa utzi nahian. Ez zen sekula amaitu, erregea ez zen inoiz bertan bizitzera iritsi. Nago edertasun hartan txertatzen ari zen munstroaren itsustasunak jota eman zuela amore, konturatu zela kultur guda hura galdua zuela betiko.
Abascalek Espainiari buruz hitz egiten duenean, ez dut ulertzen zertaz ari den. Ezagutzen ditudan penintsulako leku guztietan topatu dut kultur-konbinatu konplexu eta xarmagarria, ez beti gatazkarik gabekoa. Arretaz eta kuriositatez ingurura begiratzea besterik ez dago Espainia homogeneo, bakan eta kristaua Disneyren erreinuen pareko fantasia dela ulertzeko.
BEGIZ
Granada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu