Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

'Selftape'

2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Selftape esaten zaio aktoreek casting batean parte hartzeko egiten duten lehen bideoari. Nork bere burua grabatzen du jasotako testu edo gidalerro batzuen arabera. Normalean, urduri, alokatutako gela batean, ilusioz eta beldurrez borbor. Eta parean, kamera bat zain. Gehienean ezezko etsigarria izaten da emaitza. Antzeko aldartean bizi dira Selftape telesail laburreko bi protagonistak: Joan eta Mireia Villapuig ahizpa aktoregaiak. Apirilaren 4an jarriko dute ikusgai Filminen, baina Crossover jaialdian izan garenok bi atal ikusi ahal izan ditugu aurrez. Behingoagatik primizian ari natzaizu.

Joana eta Mireia Villapuig ez dira protagonisten izenak soilik. Aktoreek euren izen propioak eman dizkiete. Bi ahizpek garatu dute telesailaren ideia, bizi izan dutena abiapuntu hartuta. Biak ala biak Polseres vermelles telesail kataluniar arrakastatsuko aktore izan ziren nerabe zirela, eta horrek haien bizitzak baldintzatu ditu. Baina zer gertatzen da izar nerabeekin hain gazte izateari uzten diotenean? Selftape-k bi ahizpek hori kudeatzeko dituzten tresnak —eta tresna falta— erakusten ditu. Galdera bat burutik kendu ezinda nabil ordutik: Betizu Taldeko kide ohiak ondo ote daude?

Barbara Farre da proiektuari izaera emateaz arduratu den zuzendaria. Erritmo pausatuarekin jaso ditu bi ahizpen joan-etorriak, birtuosismorik gabe. Hari nagusiaren eszenak villapuigtarrek haien haurtzaroan grabatutako irudiekin tartekatzen dira, kontrastea areagotuz, eta keinu eginez haien ibilbidea ezagutzen duen ikusleari. Agerpen laburrak dituzten zenbait aktoreren sinesgarritasunik eza da herren egiten duena. Kontrara, bi ahizpek, pantailan bat egiten dutenean, elkar hobetzen dute. Telesaileko une indartsuenak dira horiek.

Orain arte eutsi diot, baina zaila da Selftape ahotan hartzea Autodefensa aipatu gabe. Biak ekoitzi ditu Filminek; bietan nahasten da errealitatea eta fikzioa; eta bietan ateratzen da plazara, bi emakume gazteren begietatik, zinemaren industriaren alde ezkutu eta iluna. Baina protagonisten izaera erabat bestelakoa da, baita kontatzeko modua ere. Autodefensa-ren probokazioak kitzikatu zuenari epela egingo zaio Selftape. Eta alderantziz, haiekin konektatzeko gai izan ez zenak villapuigtarrak gertukoago sentituko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.