gorka julio
IRLEN SAREA

Sinpletasunaren konplexutasuna

2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Larry Tesler hil da, eta hedabide guztietan topatuko duzu ctrl+C eta ctrl+V komandoa sortzeko ideia izan zuela. Interesgarriagoak dira, aldiz, haren pentsamenduaren beste arlo batzuk: konplexutasunari buruz zuen ikusmoldea eta informatika jendarteari hurbiltzeko gogoa.

Hasieratik, informatika eta ordenagailuen jakintza sozializatzearen alde egin zuen. Informatika jendarteari hurbildu behar zitzaiola zuen buruan bere egitekoan. Beharbada horregatik, kopiatu eta itsatsi edota bilatu eta ordeztu komandoen jaiotza. Ordenagailuak ezberdinak izanik ere, tekla konbinazio horiek ikasiz, edozeinetan funtzionatzea eta erroreak saihestea zuen buruan bere diseinuan.

Begiratu zure teklatua, eta sinpletasunaren magiaz gozatu, Z (desegin),X (moztu), C (kopiatu), V (itsatsi), teklak bata bestearen ondoan daudela ikustean. Interpretazio asko izan ditzake, batzuk asmatuak; nire kasuan, adibidez, beti gogoratu ditut X tekla, guraize forma duelako, eta V gezi baten moduan, zerbait kurtsorea dagoen leku horretan itsastera zoazela markatzen duelako.

Sinpletasunak, baina, konplexutasuna dakar berarekin. Jende askok zerbait sinplea egiteko, askotan konplexutasuna kudeatuko duen beste norbait edo zerbait egon behar du atzetik. Larry Teslerrek erronka hori «konplexutasunaren mantentze legearekin» azaltzen zuen. Lege horren arabera, edozein aplikaziok dauka ken ezin daitekeen konplexutasun maila bat.

Horren aurrean, Teslerrek hala argudiatzen zuen: beharrezkoa balitz, ingeniari batek astebete gehiago pasatu behar zuela aplikazio baten konplexutasuna murriztuz, milioika erabiltzailek minutu bat gehiago gastatu baino.

Berriro ere, erabaki horren atzean zegoen logika informatikaren sozializazioari begirakoa zen, guztiz. Norbaitek pentsa dezake trebakuntza hori sozializatu nahian edo gehiegi sinplifikatzea ez ote den txarra. Ez da galdera erraza, baina sinplifikatutako aplikazioen aurrean, erabiltzaileak gauza konplexuagoak egiteari ekin diezaiokeela ere pentsa liteke; bestela hasiko ere ez zelako.

Teslerren asmakizunik ezagunenera bueltatuz, garaiko egunkarietan ohikoa zen testuak kopiatzeko eragiketa informatikara eraman zuen. Orain irakurriko dituzuen artikulu gehienek Wikipediatik kopiatutako informazioa dute oinarri, haren omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.