Artelanak 87, 48 maisurenak: Valdes bildumari erakusleiho ederra irekitzen digu Bilboko Arte Ederretako Museoak Manology erakusketaren bitartez. Erdi Arotik abangoardiara artekoak, estilo desberdinekoak, gai anitzetakoak; artelan bildumak barietatea eskaintzen du lehenik eta behin. Hasieran batek pentsa dezake, beste bilduma espezializatuagoek ez bezala, honek ikuspegi heterogeneoa eman dezakeela. Loturarik gabea ia. Baina arreta gehiagoz so eginez gero (eta ezin ukatu: izenburuak ematen du pista) laster geratzen da agerian badela benetan lanok lotzen dituen haria: guztiak gizonezkoek egindakoak dira.
Hau barneratzerakoan, ikuslea txundituta gera daiteke; eta berezitasun hori ospatu nahi izan du museoak bilduma hau gonbidatzerakoan. Egia da bestelako loturak ere ehundu zitezkeela mostran; gaien jorraketak azter zitezkeen, estiloen garapenak, artista bikain bakoitzaren ekarpena, baina horrek guztien baldintza definitzailetik arreta urruntzeko balioko luke soilik. Museoak eta komisarioak ondo hautatu dute azpimarratu beharrekoa, azken finean, artistak gizasemeak izateak lanei eskaintzen dien identitatea baita gakoa.
Dena den, komisarioak EITBko berrietan adierazi duenaren arabera, Félix Fernandez-Valdés bildumatzaileak ez zituen nahita gizonezkoen lanak soilik erosi; bere sentsibilitatetik eratorritako erabaki bat izan zen, ia konturatu gabe hartu zuena. Lanen kalitateak eraman zuen lehendabizi hautu hauek egitera, ez egileen sexuak. Komisarioak zehaztu du, ordea, badirela egileen gizonezkotasunarekin lotzen diren elementuak, mostra zeharkatzen duten zenbait zantzu: boterearen adierazpena, gizonezkoen pasioaren eta sexualitatearen presentzia, eta noski, ezaugarri formalak ere bai, energia eta indarra kasu.
Erakusketa borobil honi, bila jarriz gero, ertz bakarra leundu beharra eska dakiokeela uste dut: Manology izena. Izan ere, zertxobait nekatzen nau ingelesezko izenburuak erabiltzeko joera errepikakorrak. Artista ingelesen erakusketa al da? Askoz logikoagoa litzateke erakusketari Gizonkeriak deitzea, askoz zintzoagoa. Manology izenak badu hantuste puntu bat, zentzu unibertsalagoa emateko nahi zapuztuaren aztarna. Ezin dugu ahaztu hizkuntza aukeraketaren konnotazioa, eta ustezko neutrora jotzea ez da agian uste genuen bezain neutro. Zertzelada txiki hau barkatzeko gai bazarete, erakusketaz gozatzea besterik ez zaizue geratzen.
OHARRA: Zutabe hau zentzugabea iruditu bazaizu, begira ezazu Bilboko Arte Ederren Museoak inauguratu berri duen Womanology erakusketaren aurkezpena. Museo berean 2020ko urria eta 2021eko otsaila artean erakutsi zen Valdes bilduma, gizonen lanak soilik erakusten zituena, hartu dut oinarri iruzkina egiteko. Ingelesez amaitzeko, compare and contrast.
BEGIZ
'Manology'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu