Lan egiten dudan EHUko Artearen Historia eta Musika saila 26 irakaslek eta idazkari batek osatzen dugu. Artearen Historiako gradua kudeatu eta irakasteaz gain, Arte Ederretakoan ere ikasgaiak ditugu; Arte Garaikidearen Erakusketa eta Kontserbazioko masterra Pinturako saileko kideekin antolatu eta ematen dugu, eta Bigarren Hezkuntzakoan ere bagabiltza, etorkizuneko irakasleak formatuz. Horretaz gain, erretiratuei eskaintzen zaizkien Esperientziako Geletako hainbat irakasgai gure esku daude Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako campusetan.
Iñaki Williamsek futboleko kazetek diotena kobratzen badu (zazpi milioi euro), bere urte bateko irabaziekin gure sail osoko soldatak bost urte eta erdiz ordain zitezkeen; alegia, belaunaldi oso batek gradua eta masterra amaitzeko epea.
Kalkulua egiteko gogoa sortu zait aurreko asteetan, Superliga delakoaren harira, behin eta berriz «futbol talde umilei» buruz mintzatzen entzutean. Ahoa bete hortz utzi naute. Umilak? Zer dute umiltasunez, ekonomikoki bederen, milioiak mugitzen dituzten aisialdirako enpresa horiek? Bigarren A ligako jokalari baten soldata minimoa unibertsitate publikoko katedradun batenaren bikoitza denean? Edozein merchandising tramankulu hiru, lau edo bost libururen preziora iristen denean?
Ana Botin Amancio Ortegaren ondoan umila den bezala dira umilak lehen ligetako futbol taldeak. Egia da, badira hipermilioidunak diren talde gutxi batzuk; baina horrek ez ditu milioidunak diren beste guztiak umil egiten.
Beste datu bat: Artium Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoaren 2019ko aurrekontua 4 milioikoa zen. Horren barnean, eraikinaren mantentzea, soldata guztiak, erakusketak, bildumako lanen errestaurazioa eta zaintzea, zein hau osatuko duten artelanen erosketak. Williamsen soldatarekin ia bi museo oso mantendu daitezke. Talde umilaren pertsona bakar baten soldatarekin, bi instituzio oso.
Oraindik zalantza bazenu, pentsa nolakoa den konparaketa kultur arlo prekarioari aplikatuz gero. Kontuek ihes egiten didate. Bolo batengatik mila euro kobratzen dituzten taldeen zenbat kontzertu dira zazpi milioi? Hirurehun eurorengatik saioa eskaintzen duten bertsolarien zenbat emanaldi? Zenbat antzerki, zenbat liburu editatuta, zenbat areto txikietako erakusketa?
Etsi dut futbolaren sistemak errepresentatzen duen injustizia hiperkapitalistaren aurrean ustez ezkertiarra den jendeak duen itsutasunarekin. Diru publikoz lagundutako enpresei halako soldata zoroak ordaintzea debekatu beharko litzaiekeela uste ez duten sindikalistekin hizketan tristatzen naizen arren, jada ez nau harritzen. Baina mesedez, izan dezatela beren burua umil ez deitzeko umiltasun nahikoa. Utzi dezatela ondare hori behintzat umiltasuna pairatu behar dutenentzat.