Ismael Manterola
BEGIZ

NFT

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Artearen merkatuaren kontrako jarrerak azaldu ziren XX. mendeko bigarren erdialdean. Gorputzaren arteak, akzio arteak edo land art delakoak galeria sistematik alde egin eta ikus-entzulearekin beste modu bateko harremana bilatu nahi zuten. Artea salerosketa gaia baino zerbait gehiago izan zitekeela aldarrikatzen zuten artista ausart haiek, eta horregatik bat-bateko artea, denbora tarte zehatz batean edo landa gunean egindako interbentzioak egin zituzten. Baina, asmoak asmo, artearen merkatuak moduak topatu zituen jarrera horiek guztiak erakusketa aretoetara eramateko eta saldu ahal izateko. Argazkien edo bideoen bitartez jasotako ekintzen lekukoak, prestakuntza marrazkiak edo zirriborroak, ekintzetan erabilitako objektuak, eta abar, artelan moduan saldu eta eros daitezke gaur egun diru truk.

Mendearen bukaera aldera, merkatuari aurre egiteko beste arte mota bat azaldu zen: ordenagailuaren bidez eta ordenagailuarentzat egindako artea. Demokratizazio asmoak indartu egin zitezkeen, baina merkatuak beste arte moten antzera erabili izan ditu negozioa indartzeko. Hala ere, birtualitateak duen arazoa benetakotasunarena da; hau da, originalik ez dagoenez, nola aitortu artelan bati benetakotasuna? Beraz, salgai zalantzagarriak izan daitezke merkatuarentzat.

Baina, kapitalismoak arazo horiei aurre egiteko gai dela egiaztatzera etorri da NFT teknologia: non-fungible token izenekoa. Horren bidez, artelan birtualari (edo beste edozein gairi) token ID izeneko kode kriptografikoa ematen zaio eta benetakoa eta bakarra dela egiaztatzen da. Horrek aukera ematen du salerosketarako. Nik NFT duen arte birtuala eros eta sal dezaket, benetakoa dela eta nirea dela frogatzen duelako, artelan fisikoetan gertatzen den moduan.

Badirudi teknologia honek arte birtualaren merkatua irauli duela. Azken hilabeteetan espekulazio ariketa izugarriak egon dira, bai Interneten, bai arte merkatuaren sare arruntetan ere; esate baterako, Christie's enkante etxe ospetsuak 58,8 milioi eurotan saldu du Beeple artista digitalak sortutako Everydays: the first 5.000 days izenburua daraman artelana. Artistak 2007. urtetik egunero artelan berri bat sortu zuen sarerako. Nahiz eta sarerako artelanak izan eta edonork ikus ditzakeen bere etxeko edo mugikorreko pantailan, Christie'sek lehenbiziko 5.000 egunetan egindako lanak elkartuta saldu ditu orain.

Kapitalismoaren magia hobeto ulertzeko beste adibide bat da Bansky artistaren Morons izeneko marrazkiaren suntsipenaren bideoa. Erre baino lehen koadroak 80.000 euroko balioa bazuen ere, InjectiveProtocol izeneko kriptoinbertsoreak 320.000 eurotan saldu du NTF bitartez egiaztatutako bideoa.

Argazkigintzaren asmakuntzarekin gertatu zen bezala, birtualitateak originalaren ezabaketa eta artearen demokratizazioa ekarri behar zuela uste bagenuen, berriz ere merkatuak jakin du bere legeak inposatzea. Nik, bitartean, Orson Wellesen Fake filma gozatzen jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.