Donostiak jasan duen txikizioaren aitzakian ondarea zaintzearen beharraz idatzi nuen egunkari honetan argitaratutako azken artikuluan. Ondarearen gaiarekin jarraitu nahiko nuke gaur ere, baina beste ikuspuntu batetik begiratuta.
Izango da urtebete-edo nire herriko Flandesko taula etxera bueltatu zela zaharberritu ondoren. Zumaian XV. mendean bizi izandako Juan Martinez de Mendarok enkargatu omen zuen Flandesen pintatutako ohola herriko elizan gordetzeko. Hala ere, Mendaroren oinordekoek eskatuko zutela uste dugu, ordurako Juan Martinez bera hilda zegoelako.
Garai hartan garrantzi handikoa zen arimak zerura joatea nahiz eta bizimodu zalantzazkoa izan, eta, horregatik, bortxaz betetako guda batean hildako Mendaro marinelaren arimari betiko bakea eskaini nahi izan zioten bere familiakoek. Helburu horrekin eskatu zioten Brusela edo Brujasko pintore bati hildakoaren irudia Ama Birjinaren aurrean otoitz egiten irudikatzea, herriko zaindaria den San Pedrok babestuta. Baina ez zen hori bakarrik familiako kideek azpimarratu nahi zutena; barkamena eskatzeko jarrerarekin batera, koadroaren beheko erdialdean Mendaro famatua egin zuen gertaera azaltzeko eskatu zioten pintoreari, hau da, 1475eko Gibraltarko itsas-bataila. Portugaldarren kontrako borrokan Gaztelaren aldeko itsasontzien gidari izan zen Mendaro, eta garaipenak emandako ospea aldarrikatu nahi izan zuten bizirik geratu zirenek, jende orori erakusteko heriotzak bizitza garaitu arren ospeak heriotza garaitu dezakeela. Horretan, Errenazimentu betean murgiltzen gaitu Zumaiako eskaintza oholak.
Artelana etxera bueltatu dela esan dut artikuluaren hasieran, Zumaiako parrokia delako bere tokia, eta, guztion ondare denez, toki publikoan ikusteko aukera izan behar dugulako. Orain arte eliza katolikoen esku egon dira gure hiri eta herrietako eraikinak eta bertan gordetako ondarea, baina iruditzen zait badela garaia guztionak diren ondasun horiek konpartitzeko. Ondo iruditzen zait errituak eta beste elizkizunak bertan ospatzen jarraitzea, baina guztion artean mantentzen baditugu eta titulartasuna herriarena dela jakinda (immatrikulatu arte, behintzat), zeremonia zibilak, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako ikuskizunak egiteko erabiltzea proposatzeko ordua da. Ez al dago kristautasunaren oinarrian elkarbanatzearena?
BEGIZ
Ondarea elkarbanatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu