Ganteko Aldarea Europako artelan ospetsuenetakoa da. Poliptiko bat da, hiru multzotan antolatzen diren pintatutako taula anitzez osatutako pieza; alboko bi multzoak erdikoaren gainean ixten dira, leiho-ateak bezala. Itxita dagoenean, Deikundea da erakusten den eszena nagusia, eta kolore apalagoak ditu. Irekita dagoenean, berriz, Kristo jainkotuta agertzen da zeruko tronuan, gorriz eta urrez jantzita, eta haren azpian Bildots Mistikoaren adorazioa ikus daiteke, kolorez beteriko paradisu loratuan.
Egun, elizetan ikusten ditugun triptikoak irekita egoten dira, baina bere garaian itxita egoten ziren, eta jaiegunetan soilik zabaltzen ziren. Museoetan maiz beira-arasa berezietan egoten dira, aurretik erdiko gorputzeko irudia eta atzetik alboetakoak ikustea ahalbidetzen dutenak. Seguruago daude geldirik, dantza handirik gabe. Baina 2021ean Ganteko poliptikoa zaharberritu zutenean, instalazio berezia egin zuten, irekitzeko sistema mekanizatu bat gehituz. Hala, egunero irekitzen da 10:25ean, eta 17:55ean ixten. Merezi du lehen orduan joatea irekiera ikusteko, artelana bi egoeretan ikusteaz gain, zabaltzeko prozesu berezi eta bakana goza daitekeelako.
Geldo samarra da zabalera. Erdialdea estaltzen duten panelak poliki irekitzen doaz, ezkutatzen dutena errebelatuz. Erraz imajina daiteke errituak garaiko fidelengan izango zuen eragina: musika egongo zen (irudian ere aingeruak abesten daude) eta eguzkiaren argiak bete-betean emango zion, urrearen distira indartzeko. Ikuskizun jainkotiarra izango zen, Jainkoaren agerpen bat. Gaur egun ere, askoz kultura bisual aberatsagoa dugun honetan, hunkigarria da irudi nagusiak agertzen ikustea.
Hunkigarria da, hori bai, poliptikoari begira bazaude, eta ez mugikorrari. Izan ere, irekiera ikusteko parada izan genuen lagunen artean, gutxik ez genuen mugikorraren kameraren bitartez ikusi. Gehienak argazkiak ateratzen edo bideoak grabatzen ari ziren; horietako pare batek prozesu osoa grabatu zuten, hots, ez zuten une batez ere zuzenean artelana begiratu.
Izan ziren prozesuaren moteltasunak urduritu zituenak. Distantzia batean geunden denok, ikuskizuna osotasunean hautemateko, baina batzuk ezin izan zuten itxaron eta detaileak behatzeko aurrera egin zuten arrapaladan, lekurik onena harrapatzeko. Jakina baita turista serioak ezin dituela hamar minutu tontakeriatan galdu. Zer inporta du, bada, artelanaren erabilera historikoa erakusten duen show horrek? Benetan garrantzizkoa Instagramera filtroz betetako detaile bat igotzea da.
Oporrak denbora dira, norberari eskaintzen diogun denbora. Neokapitalismoak inposatzen digun kontsumo azkarretik ihes egiteko unea izateko potentziala dute. Artea horretarako baliabidea izan dadin, gutxiago ikusi, hobeto ikusi.
BEGIZ
Gutxiago ikusi, hobeto ikusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu